Berrikuntzaren bidean

Enpresa guneen leheneratzea eta garapen iraunkorra

Sprilur Taldeak, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa guneen kudeaketarako eta sustapenerako sozietate publikoak, 25 urte bete ditu, garapen iraunkorrean eta enpresa guneen leheneratzean arreta jarrita.

Sprilur Taldearen Bilboko egoitzako harrera gela. SPRILUR TALDEA
2020ko azaroaren 30a
09:23
Entzun

Sprilur TaldeaEuskal Autonomia Erkidegoko enpresa guneen kudeaketarako eta sustapenerako sozietate publiko bat da, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikia eta Spri Taldean integratua. Sprilur Taldeak 25 urte bete ditu, bere ibilbidean arreta jarrita garapen iraunkorrean eta enpresa guneen leheneratzean.

Urteotan, Sprilur Taldeak 122 enpresa gune kudeatu ditu: lurzoru industrialak (10,5 milioi metro koadroko azalera gordina), lurzoru industrial urbanizatuko lursailak (1,45 milioi metro koadro) eta pabiloiak eta bulegoak (1,12 milioi metro koadro). Gaur egun, 27.211 enplegu zuzen eskaintzen dituzten 2.163 enpresa daude kokatuta Sprilur Taldeak kudeatu dituen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 122 enpresa gune horietan.

Emaitza historikoak

Sprilur Taldeak emaitza historikoak izan ditu 25 urteotako ibilbidean, 1.064 milioi eurotik gorako inbertsioa egin baitu azpiegitura industrialetan, proiektuetan eta interes estrategikoko egitasmoetan. Emaitzak are nabarmenagoak dira, Sprilur Taldeak egindako enpresa guneen kudeaketa zuzenaz gain kontuan hartzen bada Industrialdeak Sozietate Sarearen 38 urteko jarduera. Sprilur Taldeak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek eta udalek partaidetutako 12 sozietate dira, eta eskualde mailako hurbileko polo gisa aritzen dira.

1995az geroztik, Sprilur Taldeak babestu egin ditu egitasmo estrategikoen ezarpena, lurzoruen deskontaminazioa, kaltetutako eremuen suspertzea eta eraikin industrialen leheneratze eta birgaitzea, berrikuntzaren bidetik betiere. Izan ere, Sprilur Taldearen proiektuen kudeaketara eta obren exekuziora bideratutako jarduera guztiak garapen iraunkorrari lotuta daude, eta arlo horretako neurriak aplikatzen dituzte.

Jarduera horiek erabat errespetatzen dituzte Ingurumenarekin Jasangarriak diren Urbanizazio eta Eraikuntza Gidak, barnean biltzen dituztenak garapen prozesu integraleko jardunbide egokienak, kontuan izanik analisi faseak, aurreikusitako proiektuen ebaluazioa eta exekuzioa, eta amaitutako enpresa guneen bizi zikloaren hobekuntza eta mantentze lana.

Neurri jasangarri horiek arlo hauetako jardunbide egokietan oinarritzen dira: ingurumenaren babesa, energia eraginkortasuna, hiri birsorkuntza, eraikinen zaharberritzea, lurzoruen berroneratzea eta espazio naturalak leheneratzea.

Besteak beste, horrelako lanak egin dira: instalazio fotovoltaikoak egin dira pabiloi industrialen teilatuetan, eta energia berriztagarria eraman da argindar sare orokorrera; landaredia eta ingurumena leheneratu da milioi bat metro koadroan; 12.000 tona material kutsagarri deskontaminatu eta erauzi dira (metal astunak, sulfatoak, zinka, artsenikoa…); eraikin industrialak birgaitu dira nanoteknologia erabiliz; geotermia bidezko girotze eta klimatizazio proiektuak egin dira; diseinu lineal urbanoak garatu eta integratu dira; CO2-a atzematen duen zoladura instalatu da; material birziklatuak eta led argiak erabili dira; eta bertako fauna eta flora leheneratu da (haritzak, gaztainondoak, arrainak, igelak…).

Egungo proiektuak

Gaur egun, Sprilur Taldea proiektu hauetan ari da lanean: Axpeko mendi hegala egonkortzea Erandion; Legazpiko Bellota ingurua birgaitzea; Eskusaitzeta industrialdea urbanizatzeko lanak, Donostiako Udalarekin lankidetzan; Apattaerreka (Tailsa) industrialdearen bigarren zabalkuntza Tolosan eta Ibarran; eta Kanpandegiko Industrialde proiektu berria (Urolako Industrialdea).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.