Katalunia

Auzitegi Gorenak datorren astean jarraituko du preso dauden politikari katalanen hirugarren gradua aztertzen

Erabakia hartu gabe amaitu du gaurko saioa. Dolors Bassa kontseilari ohiak eta Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente ohiak hirugarren graduan jarraituko dute. Gainontzekoak preso daude.

Dolors Bassa eta Carme Forcadell, Generlitateko atarian, Quim Torra presidentea atzean dutela. TONI ALBIR, EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko azaroaren 26a
12:47
Entzun

Prozesu independentistaren harira auzipetutako politikari independentistetatik soilik bi daude egun hirugarren graduan: Dolors Bassa kontseilari ohia eta Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente izandakoa. Baliteke, ordea, biak ala biak espetxera itzultzea, Espainiako Auzitegi Gorenak datorren astean erabakitzen duenaren arabera. Zenbait iturriren arabera, litekeena da Gorenak hirugarren graduari eusteko jarriko lituzkeen baldintzak ezin bete ahal izatea Bassak eta Forcadellek, eta beraz, hirugarren gradua bertan behera geratzea.

Kartzelara itzultzean pentsatzea «mingarria» dela adierazi du Bassak, Vilaweb agerkari digitalak gaur argitaratu duen elkarrizketan. Zortzi hilabete daramatza fundazio batean lanean, espetxetik kanpo, irteera baimenei esker. Espainiako Auzitegi Gorenak hirugarren gradua indargabetuko balio, espetxera itzuli beharko luke irteera baimenik gabe, eta bisitak jasotzeko aukerarik gabe, COVID-19aren pandemiarengatik. Antzeko egoeran dago Forcadell ere.

Gaurko espero zen buruzagi independentista espetxeratuen hirugarren graduari buruzko erabakia, baina ez da halakorik izan, eta Gorenak datorren astean jarraituko du auzia aztertzen.

Gainontzeko auzipetuei uztailaren amaieran eten zieten hirugarren gradua, fiskaltzak eskatuta eta Gorenak azken erabakia hartu arte. Baina Bassa eta Forcadellen kasuak gainbegiratu zituen epaileak atzera bota zuen fiskaltzaren eskaria eta behin-behineko askatasunari eustea erabaki zuen Gorenak azken hitza esan arte.

Orain, politikari independentistak epaitu zituen aretoari dagokio erabakitzea ea auzipetuek baldintzak betetzen ote dituzten graduz aldatzeko. Horrez gain, epaileek kontuan hartuko dute ezarritako zigorretik betetako denbora ere, zeina Oriol Junqueras presidentorde izandakoaren kasuan ez den zigorraren laurdenera ere iristen.

Fiskaltzaren esanetan, politikari presoei baldintzak bete gabe hirugarren gradua emateak iradokiko luke «zigorgabe gera daitekeela norberaren borondatea lege bilakatu izana».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.