Torturen kontakizuna azaleratzeko ahalegina indartzen

Krask soinua dokumentalaren bultzatzaileei 11 egun falta zaizkie diru bilketa bukatzeko. Mikel Zabalza eta Ion Arretxe atxilotu zituzteneko urteurrena da gaur, eta bideo bat argitaratu dute.

2020ko azaroaren 26a
13:10
Entzun

Ander Iriarte Krask soinua dokumentalaren zuzendariak Ion Arretxeren testu bat irakurtzen du, hark jasaniko torturen bizipenaren zati. Gaur dira justu 35 urte Mikel Zabalza eta Ion Arretxe atxilotu zituztela. Zabalza hilda agertu zen Bidasoko uretan. Ion Arretxek bizitza osoan eraman zuen atxiloaldi hartan jasandako torturen marka; duela hiru urte hil zen. Hala, Iriartek adierazi du gizarteak ezin dituela beste 30 urte itxaron gaiaz hitz egiteko.

1985eko abenduaren 6an bukatu zen Arretxeren inkomunikazioa. Eta egun horretan bukatuko da Krask soinuadokumentala egin ahal izateko diru bilketa. 19.000 euro pasa lortu dituzte orain arte, eta bilketa erritmo onean joan dela adierazi dute proiektuaren sustatzaileek. 28.700 eurora iristeko helburua daukate jarria.

«Diru bilketa ongi joan da, eta, gure ustez, horrek adierazten du kontatzeko nahi bat, kontatzeko behar bat», azaldu dute. Eusko Jaurlaritzaren ekinbidez eta Paco Etxeberria mediku forentseak gidatuta, torturari buruzko lan zabala egin da azken urteetan, eta 4.000 tortura kasu baino gehiago egiaztatu dituzte Hegoaldeko hiru probintzia horietan. Baina oraindik ere kontatzeko asko eta kontatzeko behar handia dagoela uste dute dokumentalaren egileek.

«Hain herri eta gizarte txikiarentzat» hainbeste torturatu izatea «izugarria» dela nabarmendu dute. «Ikusi dugu hau kontatzeko beharra zegoela, eta, kontatu ahal izateko, dirua behar da, tamalez hau kontatzeko ez baitago dirurik; eta horregatik behar dugu guztien laguntza, torturaren ikusezintasuna gainditzeko».

Izan ere, Etxeberriaren lanak agerian utzi du torturak bilakaera handia izan duela urte guztiotan, metodo gisa inoiz desagertu ez bada ere. «Ikusezina bihurtu da, eta ikusezintasun horrek ekarri du errelato ezagun horretatik kanpo geratzea. Gorputzetik marka fisikoak desagertzen dira, eta marka horiekin kontakizuna desagertu egin da».

Torturari buruzko isiltasun horri aurre egin nahi dio Krask soinua-k, eta torturak jasatean maiz gertatzen den une bati egiten dio erreferentzia: «Torturetan, badago momentu bat eremu bat gainditzen dena: atxilotua hautsi egiten da barrutik, krask egiten du, eta beste egoera psikologiko batera pasatzen da; humanitatea galtzen du, eta torturatzaileen eskuetan dagoen jostailu bat bihurtzen da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.