LITERATURA

Joxan Artzeren lehen liburu postumoa aurkeztu dute

Prosa eta poesia uztartzen dira Txalaparta. Tradizioaren abaroan lanean. Elkarrek argitaratu du

Joxean Artze, 2014ko urtarrilaren 14ko argazkian. GORKA RUBIO / FOKU
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2020ko azaroaren 26a
14:39
Entzun

Urtarrilaren 12an beteko dira hiru urte Joxan Artze (Usurbil, Gipuzkoa, 1939 - 2018) idazle eta txalapartaria hil zela, eta hura hil ondorengo lehendabiziko liburua aurkeztu du Elkarrek. “Lehendabizikoa, hamaika testu utzi baitzituen; batek daki aurrerantzean gehiagorik ezagutuko diogun”, Antxiñe Mendizabalen arabera.

Bera arduratu da Txalaparta. Tradizioaren abaroan liburuaren edizioaz, eta proiektuaren sorrera txinparta, bilakaera eta Artze hil osteko edizio lanak azaldu ditu. “Ez da liburu erraza deskribatzen”, azpimarratu du lehenik eta behin. Txalapartari buruzko lan mardul baten hitzaurre izatekoa zen berez, zehaztu duenez, Elkarrek duela hainbat urte Artzeri eskatu ziona, baina liburu bihurtu da azkenean, idazlearen arnasa luzeak lan soka luzea ekarri zuelako. Liburuko testuak dira lan horren eraldaketaren froga zuzenenak: “Prosaz hasten da, eta, aurrera egin ahala, txalapartaren inguruko azalpenak eta gogoetak modu lineal batean ematea ezinezkoa zaiola dirudi”. Hala, Artzeren prosak bide bihurriagoak hartzen ditu: lerrokatu gabeko esaldiak idazten hasten da, justifikatu gabe, letra larriak eta etzanak seinalatuz, esaldi bakoitzari erritmo berezia emanaz, edukiak eta formak bat egin dezaten, eta idazlearen oharrek presentzia handiagoa hartzen dute. Eta gero eta poesia gehiago tartekatzen hasten da.

Zaldiaren trosta

“Liburuan zehar, atalek gero eta balio sinboliko handiagoa daukate, eta azkenengoan espiritualtasuna nagusitzen da, bere bizitzan bezala”, Mendizabalen esanetan. Zuhaitzaren erroak eta zaldiaren trosta ziren txalapartaren metafora ezin hobea Artzerentzat, hala irakur dakioke liburuko poema batean; txalaparta zen bizitzaren metafora ezin hobea bere bizi taupadak hotsaren eta isiltasunaren arteko orekan gauzatzen zituen idazlearentzat. “Txalapartaren mintzoa bere egin zuen poetaren argitalpenik berariazkoena da hau, Artzeren dimentsio guztiak biltzen dituena: tradizioa, poesia, estetika eta espiritualtasuna. Liburu honetan topatuko du irakurleak Artzerik poliedrikoena”.

Poliedro horren ertzetan, amaitu gabeko esaldiak eta maketazio akatsak diruditen zalantzazko puntuazio markak aurkituko ditu irakurleak. “Eskerrak prestatuta utzi zizkigun, beti egin ohi zuen bezala, maketazio oharrak, diseinua. Era horretan, edizio lana ere errazagoa izan da. Izan ere, haren pentsamenduari jarraitzea, askotan, ez zen erraza izaten”. Idazlearen nahien arabera argitaratu dute lana, azken batean, “egiazkoagoa eta originalagoa” delakoan.

Edukiaren osagarri, eta Artzeren lan egiteko modua ere halaxe zelako, liburuaren formari garrantzi berezia ematen saiatu dira, editorearen arabera: “Ahalik eta edizio koherenteena egiten saiatu gara”. Emaitza, “liburu oso organiko bat” da, zehaztu duenez, orrialdeen testuragatik, koloreengatik, azaleko egur irudiagatik. Irakurlearen eskuentzako ahalik eta objekturik “goxoena” egiten saiatu dira.

“Joan aurreko azken egunetara arte heldu zion Joxanek proiektu honi”, esan du Elkarrekoak. “Baten batek esan dezake amaitu gabeko liburua dela hau. Nik esango nuke amaierarik gabeko liburu bat dela. Iraungitzen ez den bizitzaren erritmoan sinesten zuen hark, eta liburu hau horren lekuko da”. Horri lotuta, eskertza hitz bereziak eskaini dizkio Artzeren alargunari, Karmen Estebani: “Liburu hau opari bat da, Joxanek bere azken egunetan Karmeni egindakoa. Opari hori argitaletxeari utzi eta irakurle guztiekin partekatzeko aukera eman digu Karmenek”.

Joxan Artzek Jexux anaiarekin batera txalaparta berreskuratzen, eguneratzen eta zabaltzen egindako lanaren garrantzia ere azpimarratu du Mendizabalek, eta Elkar etxeak duela urtebete aurkeztu zuen Txalaparta. Artze anaiak diskoaren proiektuarekin lotu: zazpi grabazio jaso zituzten disko horretan; CDaren liburuxkan, bi anaien ibilbidea laburbildu zuen Juan Luis Zabala idazleak; eta Interneten beste 60 bat grabazio jarri zituzten entzungai. “Txalapartaren ahalmen animikoaz eta sinbolikoaz ohartzen lehenengoak izan ziren Artze anaiak, eta tresna kontzeptualizatu eta Euskal Herriko agertoki guztietara eraman zuten 1960ko hamarkadan”, nabarmendu du editoreak. “Gaur aurkezten ari garen liburua, bilduma haren osagarri ere bada”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.