AZ Alkmaar 0 0 Reala

Puntu ona Alkmaarren

Reala lotuta aritu da. Baina txuri-urdinek bizirik segitzen dute Europa ligan, zazpi punturekin.

Jon Ander De la Hoz.
2020ko azaroaren 26a
23:28
Entzun

Realak 0-0 berdindu du AZ Alkmaaren zelaian, eta puntu bat batuta itzuli da Donostiara. Txuri-urdinek ezin izan dute orain artean bezain distiratsu aritu, eta hutsal aritu dira. Kontrarioari kilimarik egin gabe etxeratu dira. Bi taldeak arerioarekiko errespetu handiz zelairatu dira. Jakitun ziren tartea utziz gero aurkariak min handia egin ziezaiokeela, eta nahiago izan dute partidari patxadatsu ekin, zer gerta ere. Europa ligan izan dezaketen etorkizunari norabide bat eman ziezaiokeen dema izanik, presak ez zuen deus onik ekarriko.

AZ Alkmaar joaneko neurketako lezioa ikasita zelairatu da, gainera; atzerago egin du presioa lehen minutuetan, eta hutsunerik ez du utzi. Realak pairatu egin du etxekoen jokatzeko era hori. Lehen zatiak aurrera egin ahala baloi jabetza handitu arren, Imanol Alguacilen jokalariei kosta egin zaie Herbeheretakoen defentsako lerroa gainditzea. Bakanak izan dira aurretik jartzeko izan dituzten aukerak.

Txuri-urdinen erasoko jokalariek lanak izan dituzte zirrikituak aurkitzeko. Eroso zegoen AZ Alkmaar, bere legea ezarrita. Taktikak hartua zuen bizitasunaren lekua. Azken finean, horixe faltatu zaie donostiarrei: orain artean erakutsitako txinparta. Astun zegoen jokoa, eta horrek mesederik ez die egin bisitariei. Arne Sloten taldea izan da aukera argienak izan dituena. Hutsean amaitu da gatzik gabeko lehen zatia. Abiadura eske zen partida, baina ez Realak, ez AZ Alkmaarrek, ez dute horretarako urratsik egin. Orekatua izan da lehen erdia.

Aldageletatik itzuli orduko lehengo joerari eutsi dio norgehiagokak. Makal zelairatu dira bi taldeak, eta Adnan Januzaj izan da Realaren aldetik grina apur bat erakutsi zuen bakarra. AZ Alkmaar izan da gola gertuen izan zuen taldea, ordea; 56. minutuan hanka sartzea egin dute Realeko atzelariak, eta korner bat bakar-bakarrik errematatu du Karlssonek.

Gainetik atera du baloia Alex Remirok, eta horrek saihestu du Reala markagailuan atzetik jartzea. Hurrengo minutuan beste aukera izugarri ona izan du Koopmeinersek. Area kanpotik egindako jaurtiketa indartsu bat langara bota du.
Horiek izan dira Realaren minuturik eskasenak. Herbeheretakoek aukerak sortu dituzte, eta txuri-urdinak ia gerturatu ere ez dira egin aurkariaren atera. Aldi bakarretako batean penaltia eskatu du Mikel Oiartzabalek; 64. minutua zen, eta erritmo aldaketa baten ostean lurrera jausi da. Epaileak ez du ezer adierazi. Suspertuko zuen jokaldi baten bila zebilen taldea, eta 79. minutuan izan da partidaren norabidea aldatzear egin zen abagunea. Roberto Lopezek falta jaurtiketa indartsua egin du  area ertzetik, baina alderatzea Porturi iritsi, eta Willian Josek oztopatu du.

Neurketaren hondarrean apurtzera egin du partidak, eta bi taldeek gerturatu dira kontrarioaren ate ingurura. Ez dira gai izan golik egiteko, ordea, eta hor amaitu da neurketa. Azkenean, lehian segitzeko adinako puntu banaketa, eta astebetez gutxienez. Napoliren itzalean egon beharra. Bi puntuko abantaila hartu dute italiarrek, eta lidertzan dira Rijeka azpiratuta (2-0).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.