Next

Azpiazuk iragarri du «Euskadik Europako funtsetara programa propioa» aurkeztuko duela

Ekonomia sailburuak Legebiltzarrean esan du beharrezko eraldaketei «herri gisa» heldu nahi dietela, eta xehetasunak abenduaren 9an egingo duen agerraldian emango dituela. EH Bilduren ustez, «akats estrategikoa da batzuk bazterrean uztea».

Pedro Azpiazu, artxiboko irudian. RAUL BOGAJO / FOKU
Irune Lasa.
2020ko azaroaren 27a
11:31
Entzun

«Herri gisa heldu nahi diegu beharrezko eraldaketei, eta Euskadik programa propio bat aurkeztuko du; lankidetzarako eta batzeko espiritu argia duen programa bat». Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak azaldu du Europako funtsak jasotzeko proiektuak izango dituen programa abenduaren 29an onartuko duela Eusko Jaurlaritzak, gero Pedro Sanchezi aurkezteko, hark urtarrilean Europako Batzordera eraman dezan.

«Gure erronka da Euskadi Next 2021-2026 programa ikuspegi partikularrak gainditzeko gai izatea, herrialde ikuspegia duen proposamen komuna sortzeko», esan du Azpiazuk. «Gure ikuspuntu propioaren alde egin dugu, gure erronkekin eta gure politika publikoekin lerrokatua, gure gobernu programarekin eta Europako Batasunak bera errekonozitutako espezializazio adimentsuekin. Erakunde arteko kolaborazio eta kolaborazio publiko-pribatuko planteamendu bat jasotzen du».

Sailburuak azaldu du programari buruzko xehetasun gehiago abenduaren 9an emango dituela, Eusko Legebiltzarrean egitekoa duen agerraldian. Zertzelada batzuk eman ditu, hala ere, zehaztu programak bi ardatz nagusi dituela: «Batetik herrialdearen eraldaketarako apustuak daude, eremu estrategikoetan indarra jartzeko, elkarlan publiko eta publiko-pribatuaren bidez». Ardatz horrek lau esparru bilduko ditu, sailburuaren arabera: energia berriztagarrien sorkuntza, mugikortasun iraunkorra, zibersegurtasuna teknologia eskaintzaren ikuspegitik, eta pertsonen osasuna eta zaintza.

Bigarren ardatzean Europako funtsek jada abian dauden ekimenak bultzatzeko balioko lukete, eta Azpiazuk sektoreak aipatu ditu: «Giza habitaten kalitatea, enpresen eta administrazioen digitalizazioa eta berrikuntza, hondamendi naturalak, eta bizitzan zeharreko ikaskuntza».

Ekonomia eta Ogasun sailburuaren arabera, Euskadi Next programa osatzeko sailen arteko batzordeak hamar topaketa egin ditu azaroaren 17an osatu zenetik.

EH Bildu

Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkidea, ordea, kexu agertu da, ez dagoelako Jaurlaritzak iragarritako marko eraginkorrik eragileek proposamenak egiteko eta erabakitzeko. Azaldu du EH Bilduk baduela proposamen sakon bat «herri honek estrategikoki dituen beharrekin», baina, «ez dakigu non aurkeztu», gaitzetsi du. Iriarteren aburuz, «akats estrategiko larria da batzuk bazterrean uztea, funts horiek duten garrantzia kontutan izanda, baina, batez ere, datozen belaunaldietan izango duten eragina kontuan izanda».

Urkulluk erantzun dio, batetik legebiltzarkideek euren proposamena egiteko aukera izango dutela Azpiazuk egitekoa duen agerraldian, eta bestetik azaroaren 17an osatutako batzordeak hainbat eragilerekin bildu dela. «Aldundiekin, hiriburuekin, Eudelekin, merkataritza ganberekin, ekonomia edo gizarte arazoetarako batzordeekin, enpresa elkarteekin, sindikatuekin, finantza entitateekin, kooperatibekin... Ehunka egitasmo proposamen jaso ditugu», esan du Urkulluk. «Beraz, zuk eskatzen duzun eragileen arteko elkarrizketa zabala, norabide estrategikoak eta lehentasunezko proiektuak zehazteko, martxan da eta irekita dago».

Lehendakariak gaineratu du Iriarterekin azaroaren 6an egindako bileran, haren eskutik jasotako 123 neurrien agirian lau zirela Europako funtsen inguruan egindako eskakizunak: gobernantza eredua eta gardentasuna, herri gisa aritzea, proiektu eraldatzaileak izatea eta finantzaketa administrazio maila guztietara iristea. «Hitzez hitz betetzen ari gara zuen eskaera hori», esan dio Urkulluk Iriarteri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.