Palestina

Palestinarrei laguntzeko dirurik gabe geratu da lehen aldiz UNRWA

Nazioarteak Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoari hitzemandako funtsetatik erdia soilik jaso du hark Gaza eta Zisjordaniaren kasuan, eta %40 Sirian bizi diren palestinarren kasuan.

UNRWAko ibilgailu bat janaria banatzen Gazako herritarren artean. MOHAMMED SABER, EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko azaroaren 27a
12:15
Entzun

Ez da lehen aldia egoeraren larrian salatzen duena. Baina aurten eta kasu honetan ere pandemiak eragindako krisiak zuzenean eragin dio UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoari. Azaroaren hasieran iragarritakoa bete egin da, eta erakundea langileei ordaintzeko eta errefuxiatu palestinarren laguntzeko funtsik gabe geratu da.

«Amildegi baten ertzean gaude, baina erorikoa saihestu genezake oraindik nazioarteak hitzemandako laguntza berehala ematen badu», adierazi du Philip Lazzarinik, erakundeko idazkari nagusiak. Aurtengo urterako hitzemandako funtsetatik erdia besterik ez du jaso erakundeak Gaza eta Zisjordaniarako eta %40 Siriarako. Gehiago jaso ezean, UNRWAko arduradunek ohartarazi dute datorren urteko lehen hiruhilekorako milioi bat errefuxiaturentzako janari banaketa kolokan legokeela. Horrez gain, erakundeko langileetako askok –errefuxiatuak dira haietako %99– soldataren zati bat kobratu ahal izango lukete gehienez.

Urte amaierara arteko lanak aurreikusi moduan egin ahal izateko, erakundeak 167 milioi euro beharko lituzke. Ez da lehen aldia halako egoera batean dagoena. Joan den irailean NBEren Larrialdietarako Funtsaren laguntza eskatu behar izan zuten 30.000 langileri ordaindu ahal izateko.

Duela urtebete baino gutxiago nazioarteak erakundearen beharra nabarmendu zuen, hari eustearen alde bozkatuz. Baina babes politikoak ez du babes ekonomikoa ekarri. Arduradunek salatu dute azken bost urteotan, 2018an salbu, UNRWAk ez duela nahikoa dirurik jaso 5,6 milioi errefuxiatu palestinarren oinarrizko beharrak asetzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.