Energia

Gas naturalean inbertitzen segituko du Jaurlaritzak, trantsiziozko energia gisa hartuta

EH Bilduko Mikel Oterok Arantxa Tapia Ingurumen sailburuari galdetu dio ea zer egiteko asmoa duten poltsa publikoan 80 milioiko zuloa eragin duen gas naturalaren ustiaketa proiektuarekin. Ixteko eta berriztagarrietan inbertitzeko eskatu dio Jaurlaritzari.

Tapia eta Azpiazu, legebiltzarrean. RAUL BOGAJO / FOKU
2020ko azaroaren 27a
13:08
Entzun

Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak Arantxa Tapia Ingurumen sailburuari galdetu dio zer asmo duen Jaurlaritzak Shesa sozietate publikoarekin, datu ofizialen arabera gas naturala ustiatzen duen enpresa publiko hori defizitarioa baita, eta aurreikuspena ere txarra baita. Tapiak erantzun dio gas naturalaren ustiaketa trantsiziozkoa dela, eta Jaurlaritzaren apustua energia berriztagarrien aldekoa dela.

Eusko Legebiltzarrean, gobernuaren kontrol saioan galdetu dio Oterok Tapiari auziari buruz. Izan ere, EH Bilduk iragan astean egin zuen agerraldi batean eman zituen datuak. Gas naturala ustiatzen du Shesak, Viuran (Errioxan). Oterok iragan astean datu ofizialak aipatuz esan zuenez, 50 milioi euro diru publiko inbertitu ditu, baina 26 berreskuratu ditu; beraz, 24 milioiko defizita izan du. Aurten 7,7 milioi jasotzea espero zuten, eta 1,1 baino ez dituzte jaso. Gasaren ustiaketa ere aurreikuspenen azpitik joan da, eta joera beheranzkoa da. Duela bi urte milioi bat metro kubiko ateratzekoak zirela iragarri zuten, eta 180 baino ez dituztela atera azalarazi du Oterok, eta joera negatiboa dela berretsi du.

Datu horien argitara, bi eskaera egin dizkio gobernuari: batetik, diru publikoa xahutzeari uzteko, eta bestetik, aldaketa klimatikoaren larritasunari erreparatuta, baliabide guztiak energia berriztagarrietan jartzeko. Oterok datu horien berri eman zuenean adierazi zuen Viura proiektura bideratutako diru guztia energia berriztagarrietara bideratu izan balitz 130.000 plaka fotovoltaiko ezarri ahal izango liratekela Arabako EKIA proiektuan ikusitakoaren arabera. «Porrot egin duen gas naturalaren aldeko apustua alboratzeko» eskatu dio, «Klima Aldaketa eta Trantsizio Energetikoaren Lege proiektua aldatzen saiatzen ari da Madrilgo Kongresuan Viura eta Armentia moduko proiektuak kosta ahala kosta bizirik mantentzeko», Oterok azaldu zuenez.

Tapiak erantzun dio trantsizio energetikoa ezin dela egun batetik bestera egin, eta berriztagarrien gaineko errentagarritasuna aztertu eta martxan jarri bitartean gas naturalaren ustiaketarekin segituko dutela, trantsiziozko aukera bat dela azpimarratuta. Zero kilometroa ere defendatu du Tapiak, eta esan du Jaurlaritzaren apustua dela aukera izanez gero bertan ustiatzea energia, kanpotik ekartzea bainoago. Horregatik defendatu du Viuran ustiatzen segitzea, eta Armentian ere segituko dutela berretsi du. Baina trantsizio energetikoan inbertitzen segituko dutela ere berretsi du. Eguzki energian eta energia eolikoan inbertitzen eta proiektuak garatzen ari direla aurreratu du.

Oterok erantzun dio trantsizio energetikoa beharrezkoa dela, horretan ados daudela, baina «2020an daukagun egoerarekin erabaki behar dugu diru publikoa non jarri behar dugun. Eta datuak erakutsi dute ez bakarrik ez dela errentagarria, baizik eta 80 milioiko zuloa eragin duela gasaren inbertsioak». Larrialdi klimatikoaren aurrean, lidergo argi bat azaltzeko unea dela uste du Oterok, «Hidrocarburos Euskadi ixteko ordua da».

Tapiak berretsi du gasa trantsiziozkoa dela, energia berriztagarrietan inbertitzen ari direla eta denbora behar dela esan du, eraginkortasunaren izenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.