Hegazkigintza

Jaurlaritzak «neurri traumatikoak» saihesteko eskatu die hegazkigintza enpresei

Diru publikoa jaso duten enpresekin «zorrotzak» izango direla esan du Arantxa Tapiak, baina enpresen iraupena bermatuko duten neurriak behar direla

Aernnovako langileen protesta ekitaldi bat. RAUL BOGAJO / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2020ko azaroaren 27a
14:37
Entzun

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuak «neurri traumatikoak» saihesteko erremintak badituztela esan die hegazkingintza enpresei, eta Jaurlaritzak «baliabide guztiak» jarriko dituela horien alde egin ditzaten. Aukera ezberdinak ere izendatu ditu: «Aldi baterako erregulazio espedienteak, ordu poltsak… Doikuntzak egiteko modu asko daude. Elkargiren laguntza ere hor dago». Era berean, esan du «zorrotzak» izango direla diru publikoa jaso duten enpresekin, baina haien iraupena bermatu behar dela.

Tapiak Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkidearen galderei erantzunez eman ditu azalpenak. Hark hegazkingintza enpresa handietan azken asteetan egondako kaleratzeak aipatu ditu. «Sektoreko langileen %10» kaleratu dituztela esan du, eta horri enpresa txikietan izandako inpaktua gehitu behar zaiola. Casanovak Aernnovak Berantevillan duen plantako erregulazioa jarri du adibide: «Bide ez-traumatikoak bilatu behar dira. 101 langile kaleratuko ditu, zenbat aurreztuko du horrekin? 5-8 milioi euro? Zer da hori urtean 700 milioi fakturatzen duen enpresa batentzat?».

Tapiak eta Casanovak tonu atsegineko eztabaida bat izan dute, eta EH Bilduko parlamentariak enpresekin «zorrotza» izateko eskatu dio sailburuari.  Laguntza publikoak «erantzukidetasunari» lotuta joan behar direla esan dio. Tapiak erantzun dio baietz, zorrotzak izango direla, baina epe motz zein luzeko oinarriak hartu behar direla sektorea salbatzeko. Alde horretatik, esan du enpresa txikiek hobeto eutsi diotela krisiari, «gehiago dibertsifikatu» direlako, eta haiek jaso dutela Espainiako Gobernua prestatzen ari den funtseko zatirik handiena.

Legebiltzarreko eztabaida zuzenean jarraitu du Juan Carlos Gomez Aernnovako langile batzordeko presidenteak, eta kritiko mintzatu da: «Neurri zorrotzak ezarri behar dira, ezin gara orokorkerietan galdu». Nabarmendu du krisi hau «koiunturala» dela eta Lehendakariari eskatu dio Aernnovari «presioa egin» diezaiola kaleratzeak eragozteko: «Enpresa bati dira ematen zaionean ziurtatu beharra dago enpleguarekin duen konpromisoari eusten diola».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.