Albistea entzun

LITERATURA

'Turista klasea' nobela aurkeztu du Kattalin Minerrek

«Konfinamenduaren alaba da liburua», idazleak azaldu duenez. Lagun presoari bisitan dihoakion pertsonaiaren ibilbidea kontatu du bertan. Susa argitaletxearekin eman du.

Kattalin Minerrek gaur aurkeztu du 'Turista klasea', bere bigarren nobela, Donostian.
Kattalin Minerrek gaur aurkeztu du 'Turista klasea', bere bigarren nobela, Donostian. Gorka Rubio / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Amagoia Gurrutxaga Uranga -

2020ko azaroak 27

Parisen preso daukaten lagun bati egindako bisita. Fresnesko espetxera joan eta buelta; bisita egitera doana esnatzen denetik etxera itzuli eta ohean sartzen den arte. 1.600 kilometro hogei orduan. Horixe Kattalin Minerren (Hernani, Gipuzkoa, 1988) bigarren nobelaren egitura nagusia. Ezagunak dituen bizipenetatik edanez emanak. «Ipuin baten bueltan pentsatzen hasi nintzen. Euskal presoen dispertsioari buruzko errelato nagusian anekdota gisa gordetzen ditugun gauza asko zeudela pentsatu nuen, neuk egindako bidaien ardatz ere izan zirenak». Hari horretatik tiraka, eskema bat egin zuen: bidaiak har zezakeen denbora neurtuz eta denbora lerro horretan sar zitezkeen kontuak zerrendatuz.

Pandemiagatik ezarritako itxialdi betean izan zen. Aurreikusi gabeko denbora bat bazuen idazteko, eta idazteari ekin zion. «Idazteko lehen baldintza materiala izan zen denbora hori edukitzea eta, gero, kezka ekonomiko larririk eza. Horrez gain, liburuan dauden gatazka batzuek, akaso, indar berezia hartu zuten garai horretan». Larrialdi egoerako testuinguru hori gabe ez legoke aurkeztu berri duen nobelarik, beraz, ziurrenik.

«Konfinamenduaren alaba da liburua. Ez nintzen inondik inora halakorik idaztekoa, baina itxialdia uste baino gehiago luzatu zen, eta idazketa jario batekin harrapatu ninduen. Oso erraz idatzi nuen». Eta oso tarte laburrean, ipuinaz haratagoko testu bat zeukan mahai gainen. «Konfinamenduko azken bi asteetan idatzitako liburua dela esatea ez litzateke zuzena, hala ere». Minerrek berak bazituelako barnean espetxeetara egindako bidaien arrastoak, eta arrastook gabe jarioa ez litzatekeelako hainbestekoa: «Segituan konturatu nintzen horko pasarte eta bizipen asko artxibatuta zeudela nigan. Liburuak ez dira idazten ordenagailu aurrean jartzen garenean bakarrik; are argiago ikusi dut hau idaztean». Hala argitaratu du Turista klasea, bidaia fisiko eta ez-fisiko baten kontakizuna. Susarekin.

Zapalkuntzak

«Kontatzen dudan bidaia ez da edozein bidaia, turismo soilekoa. Euskal Herrian ondo ezagutzen dugun arrazoi batengatik egindako bidaia bat da. Halabeharrezkoa da protagonistarentzat; zapalkuntza bat du abiapuntu», azpimarratu du Minerrek. Azken joan-etorria izan dezake, baina, lagun presoaren epaiketa ate joka baitator; horixe du buruan kartzelarako bidea hartzean. «Gakoa da momentu hori: zapalkuntza bat bizi dugunean lehen pertsonan, geure gorputzean, zaila egiten zaigulako inguruko zapalkuntzak ikustea, horiei ere lekua egitea, eta zapalkuntza horietatik mundua ikusten saiatzea».

Ideia eta oroitzapen nahasketa batean, digresiotik digresiora dihoakio gogoa bidaiariari. «Konturatzen da urteetan zapalkuntza batean zentratu behar izan duela, eta beste kontraesan, zehar-lerro, borroka, erresistentzia, zapalkuntza batzuk gurutzatu zaizkiola denbora guztian. Orain du momentua, bide bat bukatzen ari denean, besteei begira jartzekoa».

Ataka horretan jarri du protagonista Minerrek, beste zapalkuntzei begira, urteetan zehar bizitakoari forma bat emateko ahaleginean. «Batzuetan azpiratu, besteetan konplize eta beste zenbaitetan zapaltzaile» agertuz pertsonaia; deserosoa gerta daitekeen ariketan, erantzunik ez duten kontraesanetan murgilduz. «Ez neukan nagusikeria moral batetik hitz egiteko batere asmorik. Kontrakoa. Espero dudana da bidaia honek, entretenigarria izateaz gain, norberak bizi dituen borroken, ardatzen, zehar-lerroen, ildoen, kontraesanen inguruko hausnarketara bideratzea irakurlea». Errezeloa dauka, hala ere, berak nahi baino erosoagoa gertatuko zaiola liburu irakurleari. «Ez da interpelaziozko liburu bat, inolaz ere. Pertsonaia zintzoki ari da gertatu zaizkion gauzen inguruan gogoeta egiten».

Leire Lopez editoreak narrazioa zeharkatzen duten harremanei eta pertsonei erreparatu die: kartzelara bisitan doanaren eta presoaren artekoari, bisitariari Parisen ostatu ematen dioten adiskide txiletarrei... Nobelako hari garrantzitsu bat ere nabarmendu du: beldurra. Mota guztietakoa. «Beldur inkoherenteak, ustez ditugun ideien kontrakoak; ia inori aitortuko ez genizkiokeenak; hotzean pentsatzen dugunaren eta barrutik ateratzen zaigunaren arteko aldea markatzen dutenak. Eta beldurra da eratzen gaituzten egiturak argien bistaratzen dituen mekanismoetako bat».

 

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Iñaki Uriarte arkitektoa. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

HANDITZEA TXIKIZIOA DELAKOAN

Iñigo Astiz

EAEko Ingurumen eta Hirigintza fiskalak tramiterako onartu du Bilboko Arte Ederren Museoa handitzeko proiektua geldiarazteko eskaria. Iñaki Uriarte arkitektoa buru, herri mugimendu batek salatu du ustezko irregulartasun eta lege hauste «multzo bat» egon dela Norman Fosterren proposamenean eta hura onartzeko prozesuan.
Aldoux Huxley, 1930ean. ©DOROTHY WILDING / LONDRESKO NATIONAL PORTRAIT GALLERY

Hilketa politikoa: teorian eta praktikan

Gorka Arrese

Aldous Huxleyren 'Bai mundu berria' euskaraz argitaratu zela 50 urte dira. Beste bat da, ordea, idazle ingelesaren nobelarik konplexuena eta anbizio handikoena: 'Point Counter Point', intriga paraleloekin eta argumentuen kontrapuntuaz.

Gerlaren gizalegea

Irati Majuelo

Idazlea: Slavenka Drakulic. Itzultzailea: Amaia Apalauza. Argitaletxea: Txalaparta.

Ezohiko atsegina

Imanol Mercero

Idazlea eta ilustratzailea: Adrien Albert. Itzultzailea: Bego Montorio. Argitaletxea: Astiberri.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.