Bilboko portuko lan gatazka

Espainiako Lan Ministerioak «bide-orri proposamen bat» egingo du Bilboko portuko gatazka konpontzeko

Bilbo Estibaren ustez arbitraje loteslea da auzia konpontzeko modu bakarra, eta zamaketariek asteazkenean erabakiko dute greba luzatu ala ez

Bilboko portuko zamaketaren manifestazioa, Santurtziko kaleetan barrena. GOYODOCKER
Imanol Magro Eizmendi.
2020ko azaroaren 28a
17:06
Entzun

Espainiako Lan Ministerioak «bide-orri proposamen bat» bidaliko die Bilbo Estibari eta zamaketarien ordezkariei Bilboko portuko lan gatazka konpontzeko. Portuko zamaketa enpresak biltzen dituen elkarteak jakinarazi du ohar bidez konponbide proposamena jasoko dutela. Enpresen arabera, ministerioak esan die bide orriak «zorrotz beteko duela indarrean dagoen legedia». Zamaketa enpresak, baina, mesfidati dira, eta haien ustez «arbitraje loteslea» da gatazka konpontzeko modu bakarra. Zamaketariek, berriz, asteazkenean erabakiko dute grebarekin jarraitu ala ez. 51 egun daramatzate protestan, eta, momentuz, abenduaren 9ra arteko deialdia egina dute.

Bilboko zamaketa enpresek eta zamaketarien ordezkariek bilera izan zuten ostiralean Madrilen. Veronica Martinez Espainiako Enplegu zuzendariak deitu zuen bilerara, eta bertan elkartu ziren bi aldeak. Asteak ziren ez zirela mahai beraren inguruan esertzen. Dena den, ez zen bitartekaritza formularen azpian egin, Bilbo Estibak uko egina ziolako aukera horri. Bi aldeen arteko gerturatze bat zirudien, eta zamaketariek, borondate onaren keinu gisa, ez zuten luzatu egun indarrean dagoen greba deialdia. Alegia, berandu da abenduaren 10erako greba deialdia luzatzeko, eta, asteazkenean erabakiko dutenez zer egin, baliteke abenduaren 10etik 14ra lanera itzuli behar izatea grebari ekin aurretik.

Bilera horretan, ministerioak bere gain hartu zuen bi aldeei konponbide bide orri bat bidaltzearen ardura. Bilbo Estibak, dena den, argi du: «Arbitraje loteslea da portuko grebaren auzia konpontzeko bide bakarra». Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Lan Ministerioaren bitartekaritza eskaintzei uko egin zienean erabili zuen argudio bera da, eta oso zaila dirudi negoziazio bide berri bat irekitzeak. Enpresaren ustez, gainera, zamaketarien sindikatuek bi aldiz egin diote uko borondatezko arbitraje bati. Gatazkaren oinarriak bi dira: lan hitzarmen berria eta hamabi urtez behin-behineko kontratuekin lanean aritu diren 103 zamaketariak apurka finko bihurtzea.

Oharrean, Bilbo Estibak egoeraren azterketa egin du. Haren ustez, zamaketariek ez dute onartu nahi portuko lanak kudeatzen dituen legea aldatu izana. Horren arabera, besteak beste, portuko «lan osagarriak», alegia, lurrekoak, itsasontziekin harreman zuzena ez dutenak, lan hitzarmenetik kanpo daude orain, eta zamaketariek ez dute hori onartu nahi. Zamaketariek, berriz, diote lan hitzarmena kontratu pribatua den heinean zeregin horiek sar daitezkeela. Egun askotan, eguraldi txarrekoetan adibidez, lurreko lanak itsasontziekin harremana dutenak baino gehiago dira. Egun, Bilbo Estibak Adecco aldi baterako lan enpresen bitartez kontratatzen ditu jardun horietako asko egiteko langileak, eta haien lan hitzarmena zamaketari finkoena baino kaskarragoa da.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.