Hiru gizon atxilotu dituzte adingabekoen pornografia zabaltzeagatik

Espainian eta Galizian egin dituzte atxiloketak. Biktimak, ordea, euskal herritarrak dira, 12 eta 15 urte artekoak.

Haur pornografiari lotuta poliziak atxikitako material informatikoa, artxiboko irudi batean. HANS KLAUS TECHT / FE
2020ko azaroaren 30a
08:36
Entzun

Ertzaintzak abiatutako ikerketa baten ondorioz, hiru gizonezko atxilotu ditu Guardia Zibilak, adingabeko lau neska pornografia edukiak grabatzera behartzeagatik. Poliziaren esanetan, atxilotuek Internet bidez zabaltzen zituzten eduki horiek. 

Ikerketaren arabera, atxilotuek dirua, markako erropak eta sare sozialetan jarraitzaile gehiago lortzeko aukera eskaintzen zieten adingabeei, ezagutzen ez zituzten erabiltzaileen aurrean eduki pornografikoa zuten zuzeneko konexioak egitearen truke. Zuzeneko emanaldi horiez gain, horietatik ateratako bideo eta argazkiak saltzen zituzten sarean.

Orain arte, Araban eta Gipuzkoan lau biktima aurkitu dituzte, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak adierazi duenez, denak 12 eta 15 urte bitartekoak. Halere, ikerketa irekita dago, eta biktima gehiago egon daitezke, Ertzaintzaren ustez.

Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Malagan (Andaluzia, Espainia), Madrilen eta Coruñan (Galizia) atxilotu dituzte hiru gizonezkoak. Horietako bi adingabeak. Hainbat miaketa ere egin dituzte, eta delituekin lotura duten hainbat gailu informatiko atxiki.

Atxilotuek ez zuten elkar ezagutzen, baina, Ertzaintzaren arabera, besteak beste, bat egin zuten eduki sexualak partekatzeko hainbat webgunetan. Denek jarduteko modu bera erabiltzen zuten: sare sozialen bidez adingabeko neskekin harremanetan jarri, eta mezu pribatuak bidaltzen zizkieten, dirua, arropak, telefonoak eta bestelakoak eskainiz sexu edukien truke. 

Ertzaintzaren arabera, sare sozialetan irekitako foroen eta mezularitza aplikazioen bidez zabaltzen zuten edukia. Hala, 43 herrialdetako 4.891 erabiltzailek ikusi zituzten bideoak. «Zuzeneko emanaldia amaituta, ohikoa zen erabiltzaileek ikertuekin harremanetan jartzea, adingabeak eurekin konektatu eta dei pribatuak egiteko eskatzeko», argitu du Ertzaintzak. Erabiltzaileek ikertuei ordaintzen zieten zerbitzu horien truke. Hala, mezuetan parte hartu zuten pertsona gehiagoren bila ari da Polizia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.