Brasil

Zentro-eskuina izan da nagusi Brasilgo udal hauteskundeetan

PT Langileen Alderdiak ez du ordezkaritzarik eskuratu hiri nagusietan, eta behera egin dute Bolsonaroren aldekoek ere.

Jair Bolsonaro presidentearen gertukoen sostengua nabarmen murriztu da. ANTONIO LACERDA, FE
arantxa elizegi egilegor
2020ko azaroaren 30a
12:44
Entzun

Jair Bolsonaro presidentearen gertuko hautagaiek ez dute espero zuten bezainbesteko arrakastarik izan Brasilgo udal hauteskundeetan. Rio de Janeiron bertan, zeina estatuburuaren gotorleku izan den urteotan, 30 puntugatik galdu du Marcelo Crivella ebanjelikoak eta estatuburuaren apustu nagusia izan denak. Horrek ez du esan nahi, noski, Bolsonarok babes osoa galdu duela, baina bai bi urte barru egingo dituzten presidentetzarako bozetan ahalegin berezia egin beharko duela beste agintaldi bat eskuratu nahi badu.

Argigarria da estatuburuaren gertuko bi hautagaik soilik eskuratu dutela hiribururen bat: Rio Brancon irabazi du Tiao Bacalomek, eta Vitorian Lorenzo Pazolinik. Lehenak asko neurtu zuen Bolsonaroren aldeko jarrera kanpainak iraun zuen bitartean –inkestek erakutsi zuten estatuburuak hautagai baten defentsa argia egiten zuen aldiro hark behera egiten zuela boto asmoan–; eta bigarrenak ukatu egin zuen eskuineko buruzagiaren gertuko zela.

Rion de Janeiron, Eduardo Paes zentrista izan da nagusi, botoen %64 eskuratuta –%36 lortu ditu Crivellak–. Aurrez ere kargu horretan egona da Brasilgo Mugimendu Demokratikoko kidea. Zentro-eskuina izan da nagusi Sao Paulon ere, eta beste agintaldi baterako babesa eskuratu du orain arteko alkate Bruno Covasek, Guilherme Boulos ezkertiarra garaituz. Boulosen porrota, ordea, ez da dirudien bezain garratza. Izan ere, Brasilgo hiri aberatsenetako batean bigarren itzulira joan behar izateko adinako babesa lortu zuen. Haren alderdiak, PT Langileen Alderditik irtendako Sozialismoa eta Askatasuna Alderdiak, estatu bateko hiriburu bat eskuratu du, PT bera kanporatuz. Luiz Inacio da Silva Lula-ren alderdiak hautagaitza bakarra zuen hiriburu batean, Recifen, eta porrot egin du. Berdin gertatu da hiri nagusietan ere.

Zentro-eskuina izan da nagusi azaroaren 15ean eta atzo egindako udal hauteskundeetan. Lehen itzulian bost hiriburu eskuratu zituzten, eta atzokoan beste zortzi lortu zituzten. Gainerako hamabi hiriburuetatik bost Michel Temer presidente ohiak zuzentzen duen Brasilgo Mugimendu Demokratikoarentzat izan ziren, tartean Rio de Janeiro bera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.