1 Formula

Halo segurtasun sistemak bizia salbatu diola iradoki du Grosjean pilotuak

Eskuetan erredurak ditu 1 Formulako gidariak, atzo istripua eduki ondoren. Halo sistemaren aurka egon zen pilotu suitzarra hura ezarri zutenean.

Edu Lartzanguren.
2020ko azaroaren 30a
14:25
Entzun

«Ondo nago... ondo-edo», esan du Romain Grosjean 1 Formulako gidariak Instagramen zabalduriko bideo batean. Irribarretsu agertzen da bideoan, nahiz eta bi eskuak erabat lotuta dauzkan, atzo Bahraingo Sari Handian pairatu zuen istripu larriaren eraginez. Izan ere, Grosjeanen autoa bidetik atera zen lehenengo itzulian, eta hesiaren kontra jo zuen. Erditik puskatu eta sutan jarri zen. Gidaria ozta-ozta atera zen garretatik, eta erredurak ditu eskuetan. Halere, gaitz erdi, istripuaren larria ikusita.

Halosegurtasun sistemari eskerrak eman dizkio pilotuak. «Ez nintzen Haloren alde egon, baina pozik nago hura 1 Formulan sartu genuelako, bestela ezingo nizueke hitz egin gaur». Pilotuak istripuetan babesteko sistema bat da Halo. Barra bat da, gidarien burua babesteko jarria. Duela bi urtetik, derrigorrezkoa da 1 Formulako lasterketetan. Eginiko frogetan erakutsi zuen %17 handitzen dituela gidariak bizirik ateratzeko aukerak. Atzo ondo erakutsi zuen. Izan ere, Grosjean bere kabuz atera ahal izan zen sugarrek harturiko ibilgailutik. Barrarik gabe, litekeena izango zen hesiaren kontrako kolpeak hil izana, edo, gutxienez, konortea galdu izana, eta han bertan kiskali.

Grosjeanen Haas taldeak esan du litekeena dela pilotua bihar bertan ateratzea erietxetik. Eskuen atzealdean dituen erredurak arinak direla eta ondo sendatzen ari direla esan dute.

Pietro Fittipaldi pilotu brasildarrak ordezkatuko du suitzarra 1 Formulako sasoiko azken lasterketan. Emerson Fittipaldiren biloba da. Datorren astean jokatuko da Shakhirreko Sari Nagusia, Bahreingo zirkuitu berean. «Romainentzat hoberena gutxienez lasterketa bat ez egitea zela erabaki ondoren, Pietro ordezko jartzea errazena izan da», esan du Guenther Steiner taldeko zuzendariak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.