'Brexit'-a

Azken aukera... edo ez

‘Brexit’-erako hilabete baten faltan, Erresuma Batuaren eta EBren arteko harremana adosteko negoziazioek aste erabakigarria dute, beste behin

Michel Barnier EBko negoziatzailea, gaur, Londresen. ANDY RAIN / EFE
Iker Aranburu.
2020ko azaroaren 30a
19:09
Entzun

Hilabete bat baizik ez da falta benetako brexit-erako. 31 egun Erresuma Batua Europako merkatu bakarretik ateratzeko eta bere ibilbide propioa egiteko. Lau aste eta erdi Europako Batasunarekin izan duen harreman berria indarrean jartzeko. Logikak dio harreman horren arauek aspaldi erabakita egon beharko luketela, eta, hortaz, bi aldeetako enpresak dagoeneko egokituak izango lituzketela beren sistemak salgaiak batetik bestera pasatzeko, hegazkin konpainiek jakingo luketela mugarik izango ote duten baten eta besteen aire espazioan, eta finantza erakundeek arau berriak barneratuta izango lituzketela. Baina politikaren erritmoak ez du bat egiten logikarekin, eta gaur-gaurkoz galdera ikur handi bat dago harreman horren inguruan.

Erantzuna aurkitu nahian dabiltza azkenaldian, eta ia-ia astelehenero zabaldu da «aste erabakigarria» hastera doanaren mezua. Honakoa ez da salbuespena izan, eta are gutxiago kontuan izanda bi aldeetatik zirt edo zart egiteko ordua iristen ari dela zabaltzen ari direnean. «Benetan ari gara denborarik gabe geratzen. Hau da funtsezko astea; aurrera egin behar dugu», azaldu du George Eustice Ingurumen ministro britainiarrak. «Uste dut akordio bat posible dela, baina aste honetan lortu beharko genuke», esan du, berriz, Simon Coveney Irlandako Atzerri ministroak, urduri, bere herrialdeak baitu galtzeko gehien akordiorik ez badago Bruselaren eta Londresen artean.

Baikor egoteko arrazoirik ba ote dagoen galdetuta, «gauzak erabakitzeko arrazoiak» daudela erantzun du EBko negoziatzaileen buruak, Michel Barnierrek. Ostiral arratsaldean joan zen Barnier Londresera, egun batzuetako berrogeialdia igaro ondoren haren taldekide batek koronabirusean positibo eman zuela eta.  
Abenduaren 31 gerturatu ahala, denbora falta negoziaziorako arma bilakatu dute bi aldeek, elkarri akordiorik ezaren balizko triskantzarekin presio egiteko tresna bat.

Sarean kateatuta

Adierazpenak adierazpen, hiru gaik katramilatzen dute akordioaren bidea: arrantza, laguntza publikoak eta desadostasunak konpontzeko tresnak.

Arrantzari dagokionez, hasieratik jakina zen gai arantzatsu bat izango zela, nahiz eta sektoreak erlatiboki oso garrantzi txikia duen bi aldeentzat: Erresuma Batuaren barne produktuaren %0,03 baizik ez da, eta %0,1 hari lotutako industria batuz gero. Arrantzak badu garrantzi ekonomiko handia portu gutxi batzuetan, Eskoziako ipar ekialdean batez ere, baina haren garrantzia hein batean sinbolikoa da brexitzaleentzat; berreskuratutako subiranotasunaren ikur bat da, eta horrek esan nahi du Europako arrantzaleek dagoeneko ezingo dituztela Ingalaterrako eta Eskoziako urak nahieran ustiatu. Kuotak izango direla eta gutxiago arrantzatu ahal izango dutela onartu behar izan du Barnierrek, baina murrizketa horren neurria erabakitzeko dago.

Gai nahasiagoa da estatu laguntzena eta araudiena. EBk ez du nahi ingurumen eta lan arau laxoekin eta diru publikoarekin lehia desleiala egingo dion auzokide bat, eta horregatik lotu nahi du Londres antzeko araudi bat izatera. Boris Johsonek, berriz, ez du artean bere zalantza argitu: zer komeni zaio, EBren uberan doan eroso doan herrialde bat izan, ala harekiko menpekotasuna hautsi, arrisku handi bat hartuta?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.