Betis 0-2 Eibar

Hirugarren garaipena etxetik kanpo

Nagusitasunez eta partida sendoa eginez irabazi du Eibarrek Betisen zelaian. Mutok eta Burgosek egin dituzte golak, bigarren zatiaren hasieran.

Burgos gola ospatzen, Muto beste golegilearen alboan. EFE
Aitor Manterola Garate.
2020ko azaroaren 30a
23:07
Entzun

Eibarrek beste garaipen bat eskuratu du Ipuruatik kanpo: hirugarrena. Betis menderatu du oraingoan (0-2). Hamahiru puntu ditu, eta hamar etxetik at lortu ditu. Partida sendoa eta serioa egin du Jose Luis Mendlibarren taldeak, ohikoak dituen ezaugarrietan oinarrituta. Lotu egin du Betis, eta erasoan solte ibili da, aurrealdeko jokalarien bizitasuna baliatuz: Bryan Gil, Muto eta Inui.

Aurreneko gola Mutok egin du, 49. minutuan, korner bateko jokaldi landuan. Lehen gola du aurrelari japoniarrak armaginekin. Lehenagotik, aurreneko zatiaren akabera aldera, Inuiri baliorik gabe utzi dio gola VAR-ak, Bryan Gilen errematea barrura zihoanean japoniarrak ateko zuloan bultza egin dionean baloiari. Bigarren gola Burgosek sartu du, 54. minutuan, penaltiz. Beste bat ere adierazi dio alde Eibarri epaileak, baina Enrichek kale egin du 88. minutuan, Joel atezainak antzeman egin baitio nora botako zuen baloia.

Garaipen honekin, Eibar sailkapenaren erdialdera igo da: hamabigarren jarri da, eta hiru puntura utzi du jaitsiera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.