Ingurumena

Pirinioetako hartzen babesleek salaketa jarri dute, eme bat hil ondoren

Joan zen igandean tirokatu zuen ehiztari batek Esloveniatik Pirinioetara eramandako Sarousse hartza.

Sarousse hartzemea, hartzen jarraipena egiteko taldeen gailu automatiko batek eginiko argazkian. BERRIA
Edu Lartzanguren.
2020ko abenduaren 1a
10:14
Entzun

Hartz Arrearen Fundazioak (FOP) salaketa jarri du agintariei eskatzeko argi dezatela igandean gertaturikoa. Basurde ehizan zebilen ehiztari taldeko tiratzaile batek Sarousse hartz emea hil zuen, Aragoi aldean (Espainia). Pirinioetan sartu zuten hartz hura 2006. urtean, Esloveniatik, hartz populazioa lehengora ekartzeko saialdien harira.

Bardaji haranean gertatu zen ezbeharra. Aragoiko Gobernuaren arabera, basurde ehizan ari zen ehiztari talde bat, txakurrekin. Antza denez, orek hartza uxatu zuten, eta ehiztarietako bat zegoen bide batera eraman zuten. Ehiztariak esan duenez, oihu egin zuen hartza izutzeko, baina animalia gero eta hurbilago zuen. Horregatik, hainbat tiro bota zituela adierazi du. Boltañako auzitegia ari da gertaera ikertzen, eta ehiztaria ez dago atxilotuta, baina bai «ikerketapean».

Saroussek ez zuen kumerik sortu, adituek hasieran uste baino zaharragoa zelako, antza.

FOPek eskatu du argitzeko kartzela zigorra merezi duen erantzukizuna ote dagoen. Adierazi dutenez, galtzeko zorian dauden espezieak ehizatzeak bi urteko kartzelarekin zigor daitezke, eta hiru urtez, naturgune babestu batean egiten bada. Zigorrak handitzeko abagunea ez ote den galdetu dute, azken boladan halakoak sarri gertatzen ari direla ikusita.

Gribouille arra tiroz hilda, ekainean, Ariegen (Okzitania).BERRIA

Izan ere, Pirinioetan, hiru hartz hil dira, gizakien eskua tartean. Saroussez gain, Gribouille arra hil zuten Ariegen (Okzitania) ekainean, tiroz, eta Cachou arra ustez pozoituta, Aranen (Katalunia). Amilduta agertu zen hartza, eta natura zaintzeko zerbitzuek esan zuten beste hartz batekin borroka eginda hil zela. Baina duela egun batzuk, zerbitzuko kide bat atxilotu zuten, hartza pozoitzearen, eta gero gorpua amildu izanaren susmagarri gisa. Kontuan hartu behar da Pirinioetan 50 hartz baino ez daudela, hartza berriz sartzeko egitasmoaren barruan eginiko lanaren ondorioz.


Cachou arra, pozoituta, Aranen (Katalunia).BERRIA

FOPek eskatu du ehiztari orori agiri bat sinaraztea, adierazteko hartzekin nola jokatu badakiela, eta erantzukizuna bere gain hartzen duela. Azaldu dutenez, arazoak daude askaturiko hartzek dituzten GPS gailuekin. Ez dute funtzionatzen FOPen arabera, eta hartzak non dauden jakiteko modu bakarra oinatzak, kamera automatikoak eta lorratz genetikoak dira (gorozkien analisia, esaterako).

Kataluniako agintarien arabera, 1996tik 2019ra 40 hartz hil ziren Pirinioetan. Hiru adinarengatik edo gaitzaren batengatik hil dira, lau amilduta, bat tximista batek jota. Baina beste hiru tiroz hil dituzte, beste bat ibilgailu batekin harrapatuta, eta bat pozoituta. Gainerakoak arrazoi ezjakinengatik hil dira. Baikortasunerako arrazoiak badaude, ordea: aurten, gutxienez sei umealdi eduki dituzte Pirinioetan sarturiko emeek. Iaz hamar kume baino ez ziren jaio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.