Iran

Irango Parlamentuak programa nuklearra garatzeko lege proposamen bat onartu du

Gobernua erabakiaren kontra agertu da, baina ganbera kontserbadoreek kontrolatzen dute, gehiengo zabal batekin.

Amir Hatami Irango Defentsa ministroa, atzo, Teheranen, Mohsen Fakhrizadeh zientzialari nuklearraren hiletan hitzaldia ematen. EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko abenduaren 1a
13:41
Entzun

Mohsen Fakhrizadeh Irango zientzialari nuklear nagusiaren hilketatik lau egunera, Irango Parlamentuak herrialdeko programa nuklearra garatzeko lege proposamen bat onartu du gaur. Zigorrak Altxatzeko eta Nazioaren Eskubideak Defendatzeko Ekintza Plan Estrategikoa delakoak uranioa %20 aberastea eta urtean 120 kilogramo uranio biltegiratzea aurreikusten du, 2015ean Teheranek munduko sei potentziarekin sinatu zuen itun nuklearraren mugak nabarmen gaindituz —uranioa gehienez ere %3,67 aberastu zezakeela jasotzen du akordioak—.

Horrez gain, planak ondorengo neurri hauek jasotzen ditu: Irango Energia Atomikoaren Elkarteak aberastasun maila baxuko 500 kilo uranio ekoiztea hilabetero; uranio metalikoa ekoizteko lantegi bat sortzea; Arak hiriko ur erreaktorea berritzea eta beste bat irekitzea; eta uranioa aberasteko mila zentrifugatzaile aurreratu jardunean izatea, legea indarrean sartu ondorengo hiru hilabeteko epean —2015eko itunak lehen belaunaldiko zentrifugatzaileen erabilera baimentzen du soilik, ez teknologia aurreratukoena—.

Ahulduta dago Iranek NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluko kide diren bost potentziekin —AEBak, Txina, Errusia, Erresuma Batua eta Frantzia— eta Alemaniarekin 2015ean sinatu zuen itun nuklearra. Akordio hartan, bere plan nuklearra mugatzea onartu zuen Teheranek,  nazioarteko zenbait erakundek eta estatuk haren aurkako zigor ekonomikoak bertan behera uztearen truke. Ituna kolokan utzi zuen 2018ko maiatzean AEBek akordiotik irteteko hartu zuten erabakiak. Segidan, Irango ekonomia estu hartu duten zigor ekonomikoak ezarri zizkion Washingtonek Teherani. Ondorioz, ituneko konpromisoak progresiboki ez betetzen hasi zen Iran, eta AEBen zigorrak konpentsatzeko urratsak eskatu zizkien akordioaren gainerako sinatzaileei. Itunak beste kolpe latz bat jaso zuen aurtengo urtarrilean, AEBek Qassem Soleimani Guardia Iraultzaileko jenerala zena hil zutenean eraso batean.

Akordioari eusten dioten potentziei presioa egite aldera, parlamentuak onartu duen planak arma nuklearren ugaritzearen kontrako protokoloa baztertzea aurreikusten du, legea indarrean sartu eta bi hilabetera, itunaren sinatzaileek Iranekin banku harremanak normalizatzen ez badituzte eta Irango petrolioaren esportazioari mugak kentzen ez badizkiote. Protokoloa ez betetzeak nazioarteko inspekzioen amaiera ekar dezake, eta, harekin, arriskuan legoke 2015eko ituna ere.

Egitasmoa ez da berehala sartuko indarrean, aurretik Zaindarien Kontseiluaren onespena behar baitu lege bihurtzeko. Kontseiluak hura onartuko duela espero daiteke, parlamentua bezala erakunde hori ere kontserbadoreen esku baitago.

Gobernua ganberaren erabakiaren kontra agertu da. Ali Rabiei gobernuko bozeramaileak adierazi duenez, itun nuklearraren gaineko erabakiak Nazio Segurtasunerako Kontseilu Gorenak hartu behar ditu, eta ez parlamentuak. Saeed Khatibzadeh Atzerri ministroak salatu du planak ez dituela aintzat hartu bere ardurapeko ministerioa eta gobernua bera. «Gobernuak adierazi du plan hori ez dela beharrezkoa, ezta erabilgarria ere».


Irango soldadu talde bat Mohsen Fakhrizadeh zientzialari nuklearraren hilkutxa eramaten, haren hiletan, atzo, Teheranen.

Giro nahasia

Herritarren haserrea hauspotuta dagoen unean hartu du parlamentuak plan nuklearra garatzeko erabakia. Fakhrizadeh eraso batean hil eta egun gutxira, asko dira mendekua eskatzen ari direnak. Gobernuak Israeli leporatu zion erasoaren erantzukizuna, eta ohartarazi zion «une egokian» erantzungo diola. Fakhrizadeh Irango programa nuklearraren burutzat zeukatenez, haren hilketari erantzuteko neurri gisa aurkeztu dute kontserbadoreek plana garatzeko erabakia.

AEBetan presidentea aldatu baino aste batzuk lehenago egin zioten eraso Irango zientzialariari. Ez zen kasualitatea izan, Hossein Dehghan Irango komandante eta Ali Khamenei Irango lider gorenaren aholkulari militarraren iritziz. Haren ustez, Israelek Iranekiko presioa handitu nahi du Donald Trumpek AEBetako presidentetza utzi aurretik. Joe Biden presidente hautatuak iragarria du 2015eko akordio nuklearrera itzultzeko nahia, baina erasoaren osteko agertokiak zaildu egin dezake urrats hori.

Bestalde, Iranek presidentetzarako hauteskundeak egingo ditu 2021eko ekainaren 18an, eta kontserbadoreak Hassan Rohaniren gobernua higatzen ahaleginduko dira haren azken aginte urtean, joan den otsailetik parlamentuan duten gehiengo zabala baliatuta. Horrek ere eragin zuzena izan dezake itun nuklearraren etorkizunean.

Jokaleku horretan, Iranen potentzien arteko ituna berrikusteko batzordea hilaren 16an bilduko da, Vienan, «zuzendari politikoen mailan», Mikhail Ulianov Errusiak Austrian duen enbaxadoreak Twitterren iragarri duenez. Bilkurak «ministerio mailako kontsultak prestatzeko» balioko duela azaldu du.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.