Ogasuna

Gipuzkoak 2019an ordaindutako zergak itzuliko dizkie 2020an galerak izan dituzten autonomoei

Bizkaiak eta Arabak ere aldaketa batzuk sartu dituzte zerga sisteman: zerga epeak malgutu eta kenkari berriak ezarri dituzte, besteak beste.

Gipuzkoako Ogasunaren bulego bat. JUAN CARLOS RUIZ (FOKU)
jokin sagarzazu
2020ko abenduaren 1a
13:52
Entzun

2020an galerak dituzten autonomoei 2019an ordaindutako zerga batzuk itzuliko dizkie Gipuzkoako Ogasunak. «Hau da, aurten izandako galerak iazko irabaziekin konpentsatzeko aukera emango diegu», azaldu du Eider Mendoza aldundiko bozeramaileak. Foru Aldundiko arduradunak azpimarratu duenez, krisiak kalte handien egin dien autonomoek «likidezia injekzio garrantzitsua» jasoko dute horrela. Foru Ogasunaren arabera, 13 milioi euroko eragina izango du neurriak lurraldeko ekonomian.

Mendozaren arabera, prozedura «oso erraza» izango da. Eredu bat aurkeztuko da, eta lauki bakarra bete beharko du eskatzaileak; kenkariaren zenbatekoa ogasunak emango dio.

Horrez gain, beste neurri batzuk onartu ditu aldundiak. Adibidez, zerga aitorpena aurkezteko derrigortasun muga 12.000 eurotik 14.000 eurora igo du; eta ordaintzaile bat baino gehiago dagoen kasuetan, 20.000 eurokoa izango da, bigarren ordaintzaileak 2.000 euro gainditzen ez baditu.

PFEZa ordaintzetik salbuetsita geratuko dira, halaber, administrazio publikoek COVID-19arekin loturik emandako laguntzak.

Autonomoentzako, mikroenpresentzako eta enpresa txikientzako ordainketa atzerapenak ere ezarri dira, eta urtarriletik apirilera bitartean eskatu ahal izango dituzte.

Autonomoen ordainketa zatikatuei dagokienez, laugarren hiruhilekoan ez da derrigorrezkoa izango, aurreko hiru hiruhilekoetan egin duten bezala.

Bizkaiko eta Arabako aldundiek ere egin dituzte hainbat aldaketa beren zerga sistemetan. Zerga aitorpena egiteko betebeharraren muga eta PFEZa ordaintzetik salbuetsita dauden errenten zerrenda zabaldu dituzte, Gipuzkoan bezala, eta, halaber, zerga epeak malgutu eta kenkari berriak sartu dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.