Jaialdiak

Euskal kulturari eskainitako astebeteko jaialdia jarriko dute abian Galdakaon: Sormene

Abenduaren 14tik 20ra bitarte, euskarazko hamaika emanaldi eta tailer antolatuko dituzte, eta bertatik bertara zein sarean ikusi ahalko dira saioak. Udalak dioenez, irauteko asmoz jarri dute martxan egitasmoa

Inigo Astiz
2020ko abenduaren 1a
14:01
Entzun

«Plazak desagertzen ari zaizkigu, euskara eta euskal kultura ahotsa galtzen ari da, eta oso ilun dagoen sasoi honetan euskal kulturarentzat argi bat izan nahi du Sormenek». Itxaropenari irekitako zirrikitu baten pare irudikatu du Gotzon Barandiaran zuzendari artistikoak abenduaren 14tik 20ra Galdakaon (Bizkaia) egingo den kultur programa. Sormene izendatu dute, eta, azaldu dutenez, kultur egitasmo «berritzaileen» plaza izatea du helburu, «Galdakotik Euskal Herri osoarentzat». Euskara izango du ardatz, eta emakumezko sortzaileen lanak nabarmentzea ere izango du helburu. Hamaika kontzertu, bertso saio, literatur irakurketa, tailer eta hitzaldiko programa prestatu dute horretarako, eta emakumeek sortutakoak izango dira haietako %80 baino gehiago. 34 sortzailetik gora batuko dituzte, guztira, astebetean; 90.000 euroko aurrekontua izango du proiektuak, eta aurtengoa lehen aldia baino ez dela izango esan dute udaleko ordezkariek, haien hitzetan luze irauteko asmoz jarri baitute martxan.

Galdakaoko Torrezabal kultur etxean egingo dira ekitaldi guztiak, baina, horrekin batera, sarean ere ikusi ahalko dira emanaldi gehien-gehienak, www.sormene.eus webgunean. Astegunetan, Galdakaoko ikastetxeentzako beren-beregi diseinatutako ekitaldiak egingo dituzte goizez, eta, gero, arratsaldez egingo dira emanaldiak. Asteburuan, berriz, arratsaldeko saioez gain, Ahotsenea gunearekin antolatutako literatur zein musika aurkezpenak izango dira egun osoz.

Kulturzaleak sortzeko erronka

Diziplina bat baino gehiago hartuko ditu Galdakaoko agertokiak, egunez egun. Erradikalak ginen emanaldia eskainiko dute Ane Labaka eta Beatriz Egizabalek 14an. Poesia irakurraldia eskainiko dute Lizar Begoñak, Leire Bilbaok eta Miren Agur Meabek 15ean, Arkaitz Miner musikariak lagundurik. Urruna antzezlana taularatuko du Tripak kolektiboak 16an. Kirats Teatroak Mariage d'Amour dantza eta antzerki pieza eskainiko du 17an. Hurrengo egunean, emakumezko sortzaile euskaldunek egungo kantagintzan duten lekuari buruzko mahai ingurua izango da lehenik, eta, 22:00etan hasita, J. Martina, Haizea eta Ningra rap abeslariak eta Kai Nakai igoko dira oholtzara. Kontzertua eskainiko du Eñaut Elorrietak 19an, eta ipuin kontalariak eta dantza saio irekiak itxiko dute programa igandean.

Kultur eskaintza osoagoaren barruan kokatu du egitasmoa Barandiaranek. «Daukagun erronka nagusia da kulturzaleak sortzea, ez dugulako zale nahikorik ekosistema osasuntsu bat edukitzeko; eta ez da nahikoa kultur eskaintzaren errenkada bat antolatzea: lanketa integralago bat behar dugu». Horregatik, dagoeneko existitzen den Euskal Herriko kultur eskaintza «aberastea» da haien asmoa, eta, zuzeneko emanaldiez gain, ikastetxeekin lantzeko programa bat ere jarriko dute abian arrazoi beragatik.

Emaitza erakusteaz harago

Ikastetxeekin egingo den lanaren garrantzia nabarmendu du zuzendari artistikoak. Barandiaran: «Bost sortzailek erakutsiko diete ikasleei zein den beren arte diziplinako sormen prozesua. Gehienetan merkatuaren logikak ere horretara eramaten gaituelako, eta guk ere onartzen dugulako, emaitza erakutsi ohi dugu, baina, gure ustez, garrantzitsua da sormen prozesua ere erakustea». Sortzaile izateko gogoa izan dezaketen gazteei sorkuntza hori nola gertatzen den ikusaraztea da asmoa, Barandiaranen hitzetan. «Antzezlan batek, koreografia batek, ilustrazio batek edo koadro batek daukan lana ulertzea».

Berez, joan den udaberrirako nahi zuten martxan programa, baina atzeratu egin behar izan zuten antolakuntza, koronabirusaren eraginez; udazkenera pasatu zuten lehenik, eta, egoerak hobera egiten ez zuela ikusita, abendura arte eraman dute, azkenean. Egitea erabaki dutela nabarmendu du, halere, Edurne Espilla Galdakaoko Udaleko Euskara zinegotziak. «Guk beste Sormene bat irudikatu dugu. Kalean. Artistaren eta hartzailearen arteko harremana ardatz izango duena. Baina aurten ez da posible izango».

Herrian egin ohi zen disko eta liburu azoka da egitasmoaren hazia. Azken urteetako beherakadak eraman zituen udaleko ordezkariak gaia aztertzera, eta herriko zein kanpoko eragileekin egindako bilkura sortatik atera zen euskal kultura ardatz hartuko zuen kultur programazio bat antolatzeko ideia, zinegotziak azaldu duenez. Azokak azken urteetan izandako beherakadak bultzatuta. Salmenta hutsaz harago jotzeko asmoa aipatzen zuten elkarrizketatuek, eta hortik heldu zen Sormeneren ideia. Espilla: «Kulturzaleak sortzea ikusten zen beharrezko, eta horretarako beste formatu bat beharrezkoa zela».

Kulturarentzako bultzada «politikoa»

Sormene ez dute urte bakarrerako pentsatu. Iraupen gogoa adierazi du Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak. «Aurten izango da lehendabizikoa, baina espero dut hemendik eta hogei urtera hemen jarraitzea». Kultura babesteko premia ere aipatu du. «Garai zailak datoz. Beste gai batzuek aurre hartu duten garai honetan, kulturaren premia aldarrikatu nahi dugu, eta argi dugu kulturak administrazioen bultzada behar duela; bultzada politiko garbia». Horregatik, zailtasunak zailtasun, Sormenerekin aurrera egitea erabaki dutela azaldu du alkateak. «Plazak desagertzen ari diren egunotan plaza berri bat eskaini nahi diogulako Galdakaotik euskarari, kulturari, emakumeei, geure buruari».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.