Giza laguntza

2021ean 235 milioi lagunek beharko dute giza laguntza

NBEk 29.200 milioi euro eskatu ditu 56 herrialderi laguntzeko, aurten baino %20 gehiago. Siriara eta Ekialde Hurbileko errefuxiatuen guneetara bideratuko dute diru horren zatirik handiena.

Emakume bat arropak garbitzen, Belet Weyneko errefuxiatu gune batean, Somalian. DANIEL IRUNGU, EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko abenduaren 1a
14:14
Entzun

Datorren urtean %40 gehiago izango dira nazioarteko laguntza beharko duten pertsonak aurtengo datuekin alderatuta, eta arrazoia COVID-19ak eragindako osasun krisian bilatu behar da. Izan ere, pandemiak sortutako arazoak gehitu zaizkie gatazka, gosete eta krisi ekonomikoei. «Aukeratu egin behar dugu: 2021a atzeraldi handiaren urtea izatea, 40 urtez aurrerapausoak egin ostean, edo elkarrekin lan egitea pandemiari aurre egiteko», adierazi du Mark Lowcockek, NBE Nazio Batuen Erakundeko giza laguntzarako arduradunak.

Orotara 235 milioi lagunek beharko dute laguntza, baina horietatik 160 milioira helduko litzateke OCHA Giza Laguntza Kudeatzeko Nazio Batuen Bulegoa eskatutako diru kopurua eskuratuz gero. Baina, kontuan izanik nazioartearen diru ekarpenak ez direla heldu inoiz eskatutakora, ziurrenik datorren urterako ezarritako helburuak murriztu beharko ditu NBEk berak ere. Iaz, esaterako, eskatutakoaren erdia baino gutxiago eskuratu zuen NBEk, nahiz eta estatuek inoizko kopururik handiena eman: 14.000 milioi euro.

NBEko idazkari nagusi Antonio Guterresek aitortu du egoera ez dela ona mundu mailan, pandemiak eragindako krisi ekonomikoa dela eta, baina elkarlanerako deia egin die agintariei, eta gogorarazi herrialde aberatsen egoera txarra bada garapen bidean daudenena okerragoa dela: «Herrialde aberatsenek zortzi bilioi euro bideratu dituzte pandemiak eragindako krisi ekonomikoari aurre egitera, eta orain ari dira argi apur bat ikusten; herrialde pobreetan ez da halako inbertsiorik egin».

Beste behin, Siria eta hango gatazkatik ihes egindako hogei milioi herritarrak izango dira laguntzen zatirik handiena jasoko dutenak. Orotara 8.000 milioi euro eskatuko ditu NBEk herrialde hartan proiektu humanitarioak garatzeko. Yemenen laguntza behar duten 19 milioi herritarrentzat, berriz, 2.800 milioi euro eskatuko dituzte. Horiei gehitu behar zaizkie azken hilabeteetan berpiztu diren gatazkek eragindako giza krisiak: Armenia eta Azerbaijanen artekoa, Mendebaldeko Saharakoa eta Etiopia iparraldeko Tigray eskualdean piztutakoa.

Baina, gatazkek ez ezik, klima aldaketak eta osasun krisiak berak ere jende asko utzi dute kale gorrian. Lowcocken esanetan, klima aldaketak ondorio larrienak eragin dituen hamar herrialdeetatik zortzitan lehendik ere giza krisi larriak zituzten. Bestetik, pandemiak arazoak eragin ditu lehen mailako osasun arretan, eta aurrez kontrolpean zeuden gaitzak berriz zabaltzea eragin du. Bost urtetik beherako bost milioi haurrek egin behar diote aurre malariak eta beherakoek eragindako osasun arazoei, eta COVID-19ak bertan behera utz ditzake hiesaren eta tuberkulosiaren aurka azken hogei urteotan egindako aurrerapausoak, bi gaitz horiek eragindako heriotzak bikoiztuz.

«Tokian tokiko arazoak mundu mailako bilaka daitezke neurriak hartu ezean; ikusi dugu zer gertatu den koronabirusarekin. Baina egoera  benetan kezkagarria da. Beharrak asetzeko eskatutako diruaren eta nazioarteak ematen duenaren arteko tartea gero eta handiagoa da. Krisiaren neurrira egokitzen den erantzun bat behar dugu», nabarmendu du Lowcockek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.