etiopia

Maider Arostegi kooperantearekin harremanetan jarri ezinik dabiltza azaroaren 3tik

Wukron dago (Etiopia), lankidetza proiektu bat garatzen. Herrialdean gerra piztu da azken asteetan.

Wukroko haurrak (Etiopia), artxiboko irudi batean. BERRIA
2020ko abenduaren 1a
16:19
Entzun

Maider Arostegi kooperantearen senitartekoek pentsatu nahi dute komunikazio arazo bat baino ez dela, baina ezin dute kezka ezkutatu; izan ere, joan den azaroaren 3tik ez dute gazte alegiarraren berririk izan. Abuztuan joan zen Arostegi Wukrora (Etiopia), urritasun psikikoak dituzten haurrei laguntzeko lankidetza programa batean aritzera urtebetez. Besteak beste, eskola bat eraiki behar zuten han.

Maider Arostegiren neba Aritz Arostegik Euskadi Irratiari adierazi dionez, azaroaren 3an hitz egin zuten harekin azkenengo aldiz, telefonoz. Geroztik, gerra piztu da han, Etiopiako Gobernuak Tigray eskualdeari eraso egin diolako, eta komunikazioak zaildu egin dira; Wukro inguruan bonbardatzeak egon direla badakite.

Aritz Arostegik adierazi duenez, bere arreba da han dauden atzerritarretatik espainiar nazionalitatea duen bakarra. Espainiako Atzerri Ministerioa lanean aritu da Europako beste herrialdeetako ministerioekin, Europako Batasuneko herritar guztiak Etiopiatik batera ateratzeko asmoz: «Hiru aste badira horretan ari direla, eta oraindik ez dute ezer egin», esan du. «Pentsatu nahi dugu ondo dagoela, komunikatu ezinean dagoela soilik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.