Europako Parlamentua

Eurodiputatu bat harrapatu dute 25 laguneko orgia batean, Bruselan

Jozsef Szajer eurodiputatua Viktor Orban Hungariako lehen ministroaren alderdi kontserbadore nazionalistakoa da. Ostiral gauean izan zen festa pribatua, baina Polizia ere bertaratu zen. Szajerrek igandean aurkeztu zuen dimisioa, «nekeagatik», baina azkenean zer gertatu zen aitortu behar izan du.

Jozsef Szajer, Fidesz alderdi hungariarreko eurodiputatu ohia. BERRIA
Paulo Ostolaza.
2020ko abenduaren 1a
18:40
Entzun

Ustekabean azaldu zen Belgikako Polizia. Ostiral gaua zen, Brusela erdialdean, eta 25 lagun orgia bat egiten ari ziren festa pribatu batean, etxebizitza bateko lehen pisuan. Isunak jaso zituzten guztiek, COVID-19aren pandemiagatik ezarritako neurriak apurtzeagatik. Gizonezkoak ziren gehienak, tartean Europako Parlamentuko diputatu bat: Jozsef Szajer, Viktor Orban Hungariako lehen ministroaren alderdi kontserbadore nazionalistakoa. NHL komunikabidearen arabera, beste diplomazialari batzuk ere bazeuden festa hartan.

Gertakaria argitara atera aurretik, igandean, dimisioa aurkeztu zuen Szajerrek, «nekatuta» zegoelako. Azkenean, ordea, gertatutakoa onartu behar izan du, eta ohar baten bidez aitortu du festa hartan zegoela eurodiputatu ohiak: «Poliziak identifikatzeko eskatu zidan, baina ez nuen agiririk gainean, eta europarlamentaria nintzela esan nien. Aurrera jarraitu zuten euren lanarekin, ahozko abisu bat eman zidaten, eta azkenean etxera eraman ninduten».

Argi utzi nahi izan du ez zuela drogarik hartu. Poliziak jakinarazi zuen estasi pilulak aurkitu zituela pisuan: «Proba egiteko eskaini nintzen, baina ez zidaten egin. Ez dakit norenak ziren drogak, ezta nola eraman zituzten ere». Szajerrek bere ardura onartu du, eta COVID-19a dela-eta ezarritako neurriak apurtzeaz damutzen dela adierazi. «Ordaindu beharrekoa ordaintzeko prest nago, eta igandean emandako dimisioarekin hartu nituen hartu beharreko ardura politikoak». Igandean, ordea, ez zuen ezer esan festaren inguruan.

Homosexualen aurkako politikaria

Azkenik, barkamena eskatu die bere familiari, bere lagunei eta botoa eman ziotenei. Dena den, eskatu du ez ahazteko politikan eman dituen 30 urteetan zehar egindako ibilbidea akats batengatik, baita egin duen akatsa bere aberriarekin eta alderdiarekin ez lotzeko ere. Fidesz alderdi kontserbadore nazionalistaren sortzaileetako bat da Szajer, eta Hungariako Parlamentuko presidentea izan zen 1994 eta 2002 artean. 59 urte ditu.

Bere aldarri politikoen artean, sexu bereko pertsonen arteko ezkontzen aurka egitea da nabarmenena, eta bikote homosexualei haurrak adopzioan hartzea debekatzearen aldekoa ere bada.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.