Abusu ikastolak esan du hamar gela itxi behar izan dituela COVID-19arengatik

Gezurtatu egin nahi izan ditu 30 gela itxita daudela dioten albisteak; baheketaren emaitzen zain daude orain zentroan.

arantxa iraola
2020ko abenduaren 2a
09:57
Entzun

«Orain ditugu hamar gela itxita». Bilboko Abusu ikastolako zuzendari Zunbeltz Fullaondoren adierazpenak dira, gaur goizean bertan BERRIAri egindakoak. Gezurtatu nahi izan du atzo, Efe albiste agentziak emandako datuetan oinarrituta, zabaldu zen albiste bat: 30 gela itxi behar izan dituztela COVID-19aren ondorioz.

Joan den ostegunetik dabiltza Abusu ikastolan kezkatuta zentroan agertu diren koronabirus kasuen ondorioz. Lehen Hezkuntzako ume batzuen positiboen berri izan zuten astearen bukaeran, eta domekan Haur Hezkuntzako irakasle baten kasuaren berri ere izan zuten. «Orduan, Osakidetzan eskatu genuen baheketa bat egiteko», azaldu du Fullandok. Baheketa, hain justu, atzo egin zuten, eta, orain, emaitzen zain daude. «Orain arte jaso ditugunetan, ez dugu positibo bakar baten berri izan», jakinarazi du. «Hala ere, Osakidetzatik esan digute 24-48 ordu beharko direla emaitza guztiak eskura izateko».

DBHko ikasleen kasuan, PCR testak eta antigeno probak, bietakoak egin dizkiete. Osakidetzaren hautua izan da, baheketa honetatik test azkarren eraginkortasunaren gaineko ezagutza osatzeko datuak eskuratu nahi baitituzte osasun profesionalek.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.