Lanpostuetan euskara eskakizuna bermatzeko eskatu du Uemak Nafarroako parlamentuan

Udalerri euskaldunetako herritarren hizkuntza eskubideen urraketak biltzen dituen txostena aurkeztu eta eskaerak egin dituzte. Talde parlamentario guziek azpimarratu dute hizkuntza eskubideetan aurrera egiteko beharra.

jarraia190584.jpg
Ekhi Erremundegi Beloki.
2020ko abenduaren 2a
11:45
Entzun

Nafarroako Parlamentuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Batzordean agerraldia egin dute Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kideek, Geroa Bai eta EH Bildu alderdiek eskatuta, eta udalerri euskaldunetako lanpostu publikoei buruzko txostena aurkeztu dute. Iraitz Lazkano Uemako lehendakariak eta Aitor Elexpuru Berako alkateak deitoratu dute gaur egun euskara eskakizunak ez direla betetzen, eta, beraz, herritarren hizkuntza eskubideak ez direla bermatzen. 2013tik hona Nafarroako Parlamentuan egiten duten bosgarren agerraldia da; 2018an egin zuten azkena, eta ordutik "aldaketa gutxi" izan dela erran dute.

Elexpuruk emandako datuen arabera, 2019an zehar herritarren 71 kexa jaso zituen Nafarroako Gobernuarekin lotuta Hizkuntza Eskubideen Behatokiak; horietatik 38 (%53,5) osasun arloari zegozkion. Uemako kideak lehentasunezkotzat jo du arlo horretan aurrerapausoak ematea. Gaur egun, Nafarroako hamahiru herri daude Ueman, eta horiei buruzko datuak eman ditu Elexpuruk: euskara merezimendu gisa dago ia lanpostu guztietan, eta hizkuntza eskakizuna duten lanpostuetan B2 maila eskatzen da. Hizkuntza eskakizuna lanpostu guzietara zabaltzea eta gutxienez C1 maila eskatzea beharrezkotzat jo du Berako alkateak.

Halaber, hurrengo urteetarako aurreikuspen plan bat egiteko eskatu du, bermatzeko lanpostu elebidun gehiago izan daitezen eta lanpostu horietan eta haien ordezkapenetan langile elebidunak egon daitezen. Gainerako arloetan ere urratsak egiteko eskatu du: paisaia linguistikoa, informazio orriak, mamografietarako txandak, mamografien txostenak, erradiografia zerbitzuko inkestak, ordua hartzeko SMS mezuak, gaixo agiriak eta abar.

Horrez gain, bestelako zerbitzu batzuk ere aipatu ditu, tartean liburuzainak, mendizainak eta foruzainak, eta, horietan ere eskakizun elebiduna jartzeko eskatu du, herritarrekin harreman zuzena duten jendaurreko lanpostuei lehentasuna emanez. Oro har, "zirkuitu elebidunak" osatzeko eskatu du: herritar elebidun batek Nafarroako administrazioan egin beharreko ibilbide osoan zerbitzu elebiduna jasotzeko eskubidea bermatzea. Elexpuruk emandako datuen arabera, Nafarroako Gobernuaren zerbitzu telematikoetan euskaraz egin litezkeen tramiteen egoera "larria" da. "Egoitza elektronikoan tramite guztien %23 egin daitezke euskaraz. Administrazio Publikoaren katalogoan, berriz, %2,5 besterik ez".

Adostasun zabala

Uemako kideen agerraldiaren ondotik, talde politikoetako ordezkariek hartu dute hitza. Guziek nabarmendu dute euskaldunen hizkuntza eskubideetan aurrera egiteko beharra. Uxue Barkos Geroa Baiko ordezkariak nabarmendu du Nafarroako Euskararen Plan Estrategikoa "aurrera" doala, Nafarroako Gobernuak "arretaz" aztertuko dituela Uemak emandako datuak, eta "erantzun egokiak" emango dituela. Hala ere, osasungintza arloan, pediatrian adibidez, lanpostu batzuk betetzeko dauden zailtasunak azpimarratu ditu, "ez soilik euskaldunak lortzeko, espezialistak lortzeko ere bai". 

Bakartxo Ruiz EH Bilduko ordezkariak ohartarazi du 2013tik azterketa eta proposamen "bertsuekin" agertu izan direla Uemako kideak, "ezer gutxi aurreratu da planteatu dituzten arazoetan". Nabarmendu du herri euskaldunak aipatzean "arnasguneak" aipatzen direla, biztanleen %70 baino gehiago euskaldunak diren herriak. Legez udalerri euskaldunek dituzten eskubideak betetzeko "momentua" dela azpimarratu du. 

Iñaki Iriarte Navarra Sumako ordezkariaren iritziz, "egokia" da herri euskaldunetan zerbitzua ematen duena euskalduna izatea, baina nabarmendu du hori posible ez denean ezin direla "lanpostuak hutsik" utzi. Euskaraz C1 maila duten langileak aurkitzeko zailtasuna ere azpimarratu du. Halaber, euskaraz moldatzen ez denak ere lanpostu publikoetara iristeko "eskubidea" duela erran du. PSNko Maria Juriok aitortu du euskara eskakizuna ez dela bete "urteetan zehar", eta orain ere ez dela betetzen ari. Ahal Dugu eta Ezkerrako ordezkariek ez dute batzordean parte hartu. 

Talde politikoetako ordezkarien adierazpenak entzunda, Lazkanok nabarmendu du "poztekoa" dela euskaldunen hizkuntza eskubideak betetzeko beharrari buruz "adostasuna" dagoela ikustea. "Horrekin gelditzen naiz. Urte pare batera itzuliko gara, eta espero dugu aldaketak egotea". 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.