Etiopia

NBEk akordioa lortu du Etiopiarekin, Tigrayra giza laguntza bidaltzeko

Herrialdearen armadak kontrolpean dituen lurraldeetan sartzeko aukera izango dute hainbat erakunde humanitariok.

Tigraytik Sudanera gerratik ihesean joandako herritarrak, giza laguntza jasotzeko zain. EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko abenduaren 2a
12:49
Entzun

Akordioa lortu dute gaur NBE Nazio Batuen Erakundeak eta Etiopiako Gobernuak, giza laguntza Tigrayko eskualdera iristen has dadin. Oraingoz, erakunde humanitarioek herrialdeko armadak kontrolpean dituen lurraldeetarako sarbidea izango dute soilik, baina ezingo dute sartu TPLF Tigray Askatzeko Herri Frontearen esku daudenetan.

Saviano Abreu NBEren OCHA Auzi Humanitarioen Koordinaziorako Bulegoko bozeramaileak azaldu duenez, Addis Abebak konpromisoa hartu du giza laguntzarako elkarteei «oztoporik gabeko sarbidea» bermatzeko «era seguru eta egonkorrean, bai langileentzat nahiz giza laguntza hornidurarentzat». Hala ere, OCHAk lanean jarraituko duela gaineratu du, giza laguntza «eskualde osora eta behar duen pertsona ororengana» iristeko, eta ez soilik armadaren esku dauden eremuetara.

Giza laguntzarako hainbat erakundek salatu dute janaria eta sendagaiak agortzen ari direla Tigrayko milioika herritarrentzat. NBEren esanetan, hilabeteko janari banaketari esker bizirauten duten 600.000 herritarrek ez dute elikagai laguntzarik joan den azaroaren 4an gatazka armatua hasi zenetik.

Addis Abbebaren eta TPLFren arteko gerraren ondorioz, ehunka pertsona hil direla uste da, nahiz eta oraindik ez dagoen datu horiek baieztatzerik, eskualdea erabat inkomunikatuta dagoelako. Horrez gain, dozenaka milaka pertsonak utzi dute eskualdea, enfrentamenduetatik ihesi. Sudanera 40.000 iheslari baino gehiago iritsi dira Tigraytik, joan den asteko datuen arabera.

Nazioarteko hainbat erakundek asteak daramatzate Tigrayko egoeraren larriaz ohartarazten, eta bertara giza laguntza bideratzeko baimen eske. Gobernuak, baina, baztertu egin du aukera hori, eta nabarmendu du ez duela nazioartearen «esku hartzerik» onartuko. Gainera, Abiy Ahmed Etiopiako lehen ministro eta Bakearen Nobel saridunak ez du onartu TPLFrekin elkarrizketak abiatzeko Afrikako Batasunaren bitartekaritza eskaintza. Adierazi du ez duela negoziatuko Tigray kontrolpean hartu arte.

Addis Abebak 72 orduko ultimatuma eman zion TPLFri joan den astean, errendi zedin. Epea amaitu zenean, Mekelle Tigrayko hiriburuari eraso egiteko agindua eman zuen. Etiopiako Gobernuaren esanetan, kontrolpean du hiriburua. TPLFk, berriz, hiritik hurbil borrokan jarraitzen dutela esan du.

Abiyk operazio militar «azkarra» agindu zuen Tigrayn, baina lau astean dihardu dagoeneko. Hainbat adituk zalantzan jarri dute armadak Mekelle eskuratuta ere gerra amaituko denik, eta gatazkaren ondorioak Afrikako Adar osora hedatzeko arriskuaz ohartarazi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.