Klima larrialdia

2020a inoiz erregistraturiko hiru urterik beroenetako bat izango da

Pandemiak eta ‘La Niña’ fenomenoak ez dute aldatu joera, Munduko Meteorologia Erakundearen arabera. Kalkulatu du aurtengo tenperatura 1,2 gradu beroagoa dela industria aurreko aroan baino.

Portugalen iragan irailean egindako protesta batean parte hartu zuen manifestari bat. 'Klima salba dezagun' dio haren maskarak. MANUEL DE ALMEIDA / EFE
ander perez zala
2020ko abenduaren 2a
18:47
Entzun

Datorren urte hasiera arte itxaron beharko da kopuru zehatza jakiteko, baina zalantzarik ez dago 2020a inoiz erregistraturiko hiru urterik beroenetako bat izango dela, iazkoarekin eta 2016arekin batera. Munduko Meteorologia Erakundearen arabera, koronabirusaren pandemiak eta ozeanoak izozten dituen La Niña fenomeno meteorologikoak ez dute eraginik izan, eta joerak bere horretan jarraitzen du: aurtengo tenperatura 1,2 beroagoa izaten ari da industria aurreko aroan baino.

«Tamalez, 2020a ezohiko beste urte bat izan da gure klimarentzat. Muturreko tenperaturak izan dira lurrean, itsasoan eta, batez ere, Artikoan», adierazi du Petteri Taala Munduko Meteorologia Erakundearen idazkari nagusiak, txostenaren berri emateko bidalitako oharrean. Datuek are gehiago handitu dute klimaren egoerari buruzko kezka, baina, urteotako tenperaturak alde batera utzita, arreta azken hamarkadan dago jarria, inoizko beroena izatekotan baita, batez ere 2015etik honako igoerengatik.

Aurten ere tenperaturak gora egitea eragin duten arrazoien artean daude mundu osoko oihanetan eta hainbat herrialdetan izandako suteak; Australiakoak, Siberiakoak (Errusia), Ameriketako Estatu Batuetako mendebaldeko kostakoak eta Hego Amerikakoak dira, kasurako, berotegi efektuko gasen isuriak handitu dituztenak.

Artikoan izandako tenperaturak ere aipatu dituzte txostenean, 5 gradu igo baitira batez beste. Errusiako Verkhoiansken kasua da egoeraren adierazgarri, iragan ekainaren 20an 38 gradura iritsi baitziren; zirkulu polar artikoaren iparraldean inoiz izandako tenperaturarik beroena da, Munduko Meteorologia Erakundearen arabera.

Izotz kopuruan ere beherakada izan da: Groenlandian, esaterako, 152 mila milioi tona galdu dira; Antartikoan, berriz, kopuruak ez du aldaketa handirik jasan. Horri lotuta, erakundeak itsasoaren mailan ere nabaritu du aldaketarik: 1993az geroztik, hiru milimetro handitzen da urtero, eta, txostenean behin betiko daturik eman ez duen arren, jakinarazi du iazkoaren antzekoa izango dela. Horrek, noski, eragina izan du gizakiengan, eta aurten «10 milioi iheslari klimatiko gehiago» izan dira munduan soilik lehen seihilekoan; batez ere, Asia hegoaldean eta Afrikako Adarrean, uholdeek bultzatuta.

Munduko Meteorologia Erakundeak datorren martxoan jakinaraziko ditu 2020ko tenperaturei buruzko behin betiko emaitzak, eta orduan esango du aurtengoa bero handiena egin duen bigarren ala hirugarren urtea izango den, oraintxe bertan iazkoarekin nahiko berdinduta baitago. Halere, txostenean ohartarazi du pandemiak sorturiko krisi ekonomikoak zaildu egingo duela klima larrialdiari aurre egiteko beharrezkoak diren neurriak sustatzea.

Parisko Klima Akordioaren helburua da tenperatura igoera 2 graduren azpian geratzea mendea amaitzen denerako, eta, posible balitz, 1,5 gradu baino gehiago ez igotzea, industria aurreko arokoekin konparatuz gero. Hori lortzeko, NBE Nazio Batuen Erakundeak ohartarazia du 2050erako beharrezkoa izango dela karbono neutraltasuna lortzea; ekonomia guztian egin beharko lirateke ahaleginak, eta derrigorrezkoa litzateke portaerak aldatzea ere.

Izan ere, helburu horri begira, 2010ekoak baino %45 txikiagoak izan behar dute isuriek 2030erako; hala, beroketa globala 1,5 gradutik behera mantentzeko aukerak %50ekoak lirateke. Txostenak jakinarazitakoaz, NBEren idazkari nagusi Antonio Guterresek adierazi du «planeta hautsita» dagoela, eta «gizakia naturaren aurkako gerra batean» dagoela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.