Koiuntura

Industriaren ekoizpena %14,6 apalagoa izan da urteko lehen hamar hilabeteetan

Urrian, ekoizpenak %7,9 egin du atzera iazko urriarekin alderatuta, Eustaten arabera. Industria ere pandemia gogor nozitzen ari dela islatzen du datuak.

Aeronautika enpresetan asko jaitsi da ekoizpena, eta kaleratzeak iritsi dira. BERRIA
xabier martin
2020ko abenduaren 3a
11:00
Entzun

Aurtengo apirilean behea jo zuen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako industriaren ekoizpenak, itxiera handiarekin batera. Fabrikak itxiak zirela, erakusleak inoiz ez bezala egin zuen behera, eta, ordutik, gora egin du, batik bat udan indar berriturik. Urriak, ordea, erakutsi du pandemia gogor jotzen ari dela industria ere, eta %7,9ko apaltzea finkatu du urte arteko tasan. Irailaren aldean, %0,6 hazi da; alegia, kasik ez da aldaketarik egon. Okerrena da urteko lehen hamar hilabeteetan %14,6ko apaltzea izan dela iazko urteko epealdi berarekin alderatuta.

Sektore handi guztiek islatzen dute eboluzio negatiboa, gainera. Energiak %26,8 egin du behera, eta hor sartzen dira, besteak beste, energia elektrikoaren hornidura eta petrolio fintzea. Urte arteko %6,8ko beherakada izan dute, era berean, bai tarteko ondasunek –haien artean daude altzairungintza, industria kimikoa eta kautxuzko eta plastikozko produktuen fabrikazioa– bai kontsumo ondasunek, oro har. Azken horien artean, %7,5 egin dute behera ondasun ez-iraunkorrek, eta iraunkorrak %3,7 apaldu dira. Besteak beste, kontsumo ondasun ez-iraunkorren artean jarduera hauek daude: elikagaien fabrikazioa, prozesatua eta kontserbazioa; garbitasunerako eta higienerako produktuen fabrikazioa, eta janzteko arropen jantzigintza. Kontsumo ondasun iraunkorren artean, berriz, altzarien eta etxeko aparatuen fabrikazioaren jarduerak daude. Azkenik, ekipamendu ondasunek %5 egin dute behera. Haien artean, hauek nabarmendu daitezke: ibilgailu motordunen fabrikazioa; lokomotorren eta trenbide materialaren fabrikazioa, eta eraikuntza aeronautikoa edo ontzigintza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.