Eguberrietarako gida pandemia garairako

Asteazken arratsean Espainiako Gobernuak autonomia erkidegoetako osasun agintariekin negoziatutako neurriak iragarrita dauden honetan, zehaztu daiteke Gabonetan zer egin daitekeen eta zer ez

Iruñeko Carlos III. etorbidea, Eguberrietako argiak piztuta. IRUñEKO UDALA
joxerra senar
2020ko abenduaren 3a
12:03
Entzun

Aurtengoak Eguberri bereziak izango dira, zalantzarik gabe. Orain arteko neurriekin alderatuta, baldintzak leuntzea erabaki dute hala Madrilgo gobernuak nola Hego Euskal Herriko gobernuek. Asteazken arratsean, Madrilen eta erkidegoetako osasun agintarien lurralde arteko batzordean, neurriak ezarri ziren. Hona argibide nagusiak.

Noiztik atera daiteke erkidegotik?

Abenduaren 23tik urtarrilaren 6ra bitartean, senide edo gertukoak ikustera joan daiteke. Egun, kasurako, Nafarroatik eta EAEtik ezin da sartu edo irten, baina debeku hori bertan behera utziko egingo da epe horretan. 

Familia topaketak egin daitezke?

Gertukoen eta senideen arteko topaketak ez dago debekatzerik. «Denok dakigu zer esan nahi dugun senide edo gertukoez ari garenean», esan du Salvador Illa Espainiako Gobernuko Osasun ministroak. Akordioak aholkatzen du soilik etxe bereko pertsonen arteko topaketak egitea Eguberrietan.

Zenbat pertsona bil daitezke?

Hamar gehienez. Egun, Hego Euskal Herrian sei laguneko bilkurak baino ez daude baimenduta, baina egun jakin batzuetan hamarrera igoko da kopurua: abenduaren 24an, 25ean, 31n eta urtarrilaren 1ean.

Atera daiteke gauez?

Bai. Akordioaren arabera, gehienez 01:30ak arte Gabon gauean eta Urtezahar gauean. Erkidegoek hori egokitzeko aukera izango dute, eta Hego Euskal Herriko bi gobernuek 01:00etan izatea proposatu dute —beraz, neurri hori egokitu dezakete—. Gainerako egunetan, orain arteko etxeratzeko aginduak jarraituko du indarrean: 23:00etan Nafarroan, eta 22:00etan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Kanpoan ikasten ari direnak itzul daitezke etxera?

Bai. Nahiz eta etxe berekoekin soilik biltzeko gomendatu, itzul daitezke. Dena den, akordioak gogorarazten du kanpoan ikasten ari diren unibertsitate ikasleak «arrisku faktore» direla, batik bat etxean pertsona zaurgarriak egonez gero. Horregatik, gomendatzen zaie aurreko hamar egunetan prebentzio neurriak zorrozteko eta kontaktuak murrizteko. Itzultzean, etxeko burbuila errespetatzea eta jarduerak aire librean egitea gomendatzen zaie.

Zahar etxeetako egoiliarrak atera daitezke?

Ez du debekatzen. Gomendatzen da egonaldi luze bat eginez gero elkarbizitza burbuila egonkor bat sortzea. Itzultzean, proba egingo zaie, eta prebentzio neurriak zorroztu beharko dira.

Zer gomendio ematen zaie erakundeei?

Udalei gomendatzen zaie espazio publikoak ahalik eta gehien zabaltzea, jendeak eremu handiagoa izan dezan ibiltzeko eta distantzia gordetzeko. Garraio publikoaren kasuan, maiztasuna handitzea gomendatzen da, jendea pilatu ez dadin.

Erosketak noiz egin behar dira?

Herritarrei gomendatzen zaie erosketak aurreratzeko, erosketetako jende pilaketak eragozteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.