‘Euskaldunon Egunkaria’, 30 urterekin gaztetuta

Igandean 30 urte beteko zituen Euskaldunon Egunkaria-k. BERRIAko kazetari gazteek kontatuko dute nolakoa izan zen sorrera, eta Egunkaria-k zer ekarpen egin zuen.

2020ko abenduaren 3a
14:35
Entzun

1990eko abenduaren 6ko goizean iritsi zen euskarazko egunkari nazionalaren lehen zenbakia irakurleengana. Ilusio eta tentsio handiz lan egin zuen profesional talde handi batek eta milaka herritarren laguntza ekonomikoak zabaldu zion bidea mundua egunero euskaraz kontatzeko erronkari.

Igandean beteko dira 30 urte, eta BERRIAk erreportaje eta elkarrizketa sorta bat argitaratuko du, urteurrena gogoratzeko. Egunkaria sortuz geroztik jaiotako kazetariek hartu dute sorrera hura kontatzeko lana. BERRIAn lanean ari diren 30 bat langile dira, eta haiek diseinatu dituzte igandean irakurgai eta ikusgai izango diren edukiak.

Transmisioaren kezkak eragin du lan hori. Belaunaldiak elkarrizketan jartzeko desioak ere bai.

Egunkaria-ren lehen zenbakian lanean aritu ziren hamar lagun elkartu zituzten joan den larunbatean, lehen egoitza izan zuen tokian, Lasarteko industria eta bulego gune batean. Antza Komunikazio Grafikoa enpresa dago han, eta, Argia-ko kideen laguntzarekin, euskarazko egunkari nazionala sortu zen lekuan batu ziren Pantxike Agirre, Jose Luis Aizpuru, Eba Arratibel, Maite Arregi, Jon Barandiaran, Josu Landa, Maixa Olano, Ana Unanue, Iñaki Uria eta Bea Zabalondo. Gogora ekarri zuten Egunkaria-ren lehen zenbaki hura nola sortu zen. Paperean erreportaje batean kontatuko dute, eta bideorreportaje batean ere jaso dute topaketa hori.

Bestetik, Txema Ramirez de la Piscinak eta Irati Agirreazkuenagak aztertuko dute Egunkaria-k zer ekarpen egin dion kazetaritzari, eta ofizio hori nola aldatu den 30 urteotan. Irene Arraratsek eta Maialen Berasategik, berriz, analizatuko dute euskararen normalizazioari zer eman dion.

Inkesta zabal bat ere argitaratuko da: Egunkaria-k, BERRIAk eta oro har euskal prentsak zer ekarpen egiten duen galdetu zaie hainbat pertsona ezaguni. Eta lan berezi hori ondu duten kazetari gazteetako hamar batek beren iritziak eta ikuspuntuak ere plazaratuko dituzte.

Horrekin batera, poster bat opari gisa banatuko du BERRIAk igandeko zenbakirekin batera. Maider Aldai Parrak sortu du irudia, eta Itziar Ugarte Irizarrek jarri dizkio hitzak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.