Migrazioa

Kanariek migrazio krisi betean jarraitzen dute

Asteazken gauaz geroztik, salbamendu taldeek beste sei erreskate egin dituzte. Ehunka migratzaile iritsi dira uharteetara, eta gobernuz kanpoko erakundeek salatu dute giza eskubideak urratu dituztela. Jone Bastida Alzuru BERRIAren berriemaile bereziaren bideo analisia.

2020ko abenduaren 3a
15:31
Entzun

Migrazio krisia lehertu da Kanarietan. Urtea hasi zenetik, Afrikatik 20.000 lagun baino gehiago iritsi dira bertara, sorterriko egoerak ihes egitera behartuta, eta gehienak azken hilabeteetan heldu dira: urrian eta azaroan 12.000 etorkin erregistratu dituzte. Itsasoko bide horri ekitea ez da erabaki makala; izan ere, zeharkaldi hori migrazio ibilbiderik hilgarrienetako bat da. Asteotan ere jazo dira ezbeharrak: joan den asteko asteartean zortzi pertsona hil ziren Lanzaroten izandako hondoratze batean. Gaualdean, beste bost erreskate egin dituzte, eta 169 pertsona lehorreratu.

Jone Bastida Alzuru BERRIAren berriemaile berezia han da egunotan. Arguineguineko portutik, bideo batean azaldu du zertan den migratzaileen egoera. Izan ere, kanpaleku bat eraiki zuten han, Lotsaren kanpalekua ere deitu diotena; hasiera batean, 400 etorkin hartzeko diseinatu zuten, baina 2.600 lagun ere pilatu dira kaiko lurretan gauak pasatzen. Igandean desegin zuten.

Txema Santana Kanarietako CEAR erakundeko teknikaria gertutik erreparatzen ari zaio azken hilabeteetan milaka migratzaile iritsi izanak uhartean sortu duen krisiari, eta arduratuta dago gertaerekin. Arguineguineko gunean giza eskubideak urratu dituztela salatu du BERRIAn, eta adierazi du funtsezkoa zela hura desegitea: «Hartutako arriskuek marra gorri guztiak zeharkatu dituzte», esan zuen.

Miren Koldobike Velasco Vazquez soziologoak hausnarketa sakona egin du uhartean piztu den krisiaren inguruan, eta hark ere baldintza lazgarriak salatu ditu. Uste du migrazio krisiak arrazismoa eta xenofobia areagotu dituela, eta politiketan bazterketa baino ez direla ari garatzen: «Indarkeria egoera bat da hau, eta giza eskubideak urratzen ari dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.