Reala 2-2 RIjeka

Bere esku segitzen du

Realak bina berdindu du Rijekaren aurka; azken neurketan erabakiko da multzoko sailkapena.Txuri-urdinek atzetik egin dute neurketaren zati handi bat

Jon Ander De la Hoz.
2020ko abenduaren 3a
23:36
Entzun

Bezperan nola, biharamunean hala. Realak berdindu egin du Rijekaren aurka, eta gauza bera egin dute Napolik eta AZ Alkmaarrek. Partida baten faltan, ez da aldatu egoera. Edo bai: arerio makurrenaren aurka jokatu beharko dute txuri-urdinek hil ala biziko neurketa. Halere, bere eskuan da Europa ligan aurrera egitea. Irabazi, eta kito.

Realak goian presioa eginez hasi du neurketa, eta etxekoek izan dute baloiaren jabetza eta jokoaren gidaritza. Antolaketan asmatu arren, azken metroetan ez zuten zirrikiturik aurkitzen. Harik eta 19. minutuan Nevisticen ateak parez pare zabaltzeko tankera hartu duen arte. Isakek eskuarekin ukitu du Rijekaren area barruan, baina hasiera batean tronpatu egin da Joao Pinheiro epailea, Realaren aldeko penaltia adierazi baitu. Marrazainarekin hitz egin ostean, okerra zuzendu, eta erabakia aldatu du. Epaile portugaldarrak gisa horretara narrastu du Europa ligan zuzendu duen lehen partida.

Hortik aurrera, gutxika-gutxika itzaltzera egin dute txuri-urdinek, eta garesti ordaindu dute hori. Aukerak sortzeari utzi dio, eta Rijekak ez du lehen zatiko aukera bakarra alferrik galdu. 36. minutuan aldeko kornerra izan du, eta lehen zutoinean Menalok buruz ukitutako baloia gisa horretara sareratu du Velkovski atzelariak. Kolpe gogorra izan da hori Imanolen jokalarientzat, eta ezin izan dute deus egin atsedenaldira artean.

Bigarren zatian kale edo bale egin beharrean zelairatu da Reala. Atsedenaldiaren ostean, Napoli irabazten ari zen AZ Alkmaarren aurkako neurketa. Bere lanak egin ezin, ordea, gipuzkoarrek. Domaia. Bazekiten garaiz suspertzen ez baziren markagailua iraultzea zailago izango zutela gero, eta lehen minutuetan erabat egin du aurrera. Robin Le Normandek urrundik egindako jaurtiketa, kasurako.

Hobekuntza aurkitu nahian, aldaketa sorta garaiz egin du Imanolek, eta ondo atera zaio jokaldia. Bigarren zatian zelairatutako Andoni Gorosabelek egindako erdiraketa bat ondo baliatu du Isak ordeztu duen Jon Bautistak, berdinketaren gola egiteko. Hogei minuturen faltan, gol bat nahikoa zuen Realak Europa ligako final-hamaseirenetarako sailkatzeko.

Alferrik, ordea. Baloia donostiarren areara gerturatu da estrategia jokaldi batean: bigarren aldian bigarrena egin du Rijekak. Loncarrek, kornerrez, berriz ere. Minutu gutxiago jokatzeko, eta ostera hutsetik hasi beharra. Partida traza  eskasa hartzen hasia zen Realarentzat. Alabaina, berandu izan aurretik indarrak orekatzea lortu dute donostiarrek. Behin eta berriz Rijeka zuloan sartzeak arnasa hartzeko modua emaj dio. Natxo Monrealek baloi bat jaso du area barruan, eta jaurtiketa indartsu batekin binakoa egin du. Denbora bazuen. Ahala, auskalo.

Realari gol batek asko argituko zion fasea gainditzea. Ez da txuri-urdinen garaipeneko golik iritsi, ordea, eta binako berdinketarekin amaitu du neurketa. Baita bestea ere. Kontuak hala, Italian erabakiko da dena; zaildu zaio bidea Realari. Aurkari makurrena izango du aurrean, baina lehen ere garaitu ditu Napoli baino hobeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.