Hazkundea

Ekonomiak %15,5eko hazkundea izan duela berretsi du Jaurlaritzak

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan BPGaren hazkundea %15,5ekoa izan zen hirugarren hilekoan.

Industriak sufritzen jarraitu du hirugarren hiruhilekoan. ARITZ LOILA / FOKU
xabier martin
2020ko abenduaren 4a
11:03
Entzun

Udako hiruhilekoan ekonomiak hazkunde handia izan zuela jakinarazi zuen Eustatek: %15,2koa, hain zuzen. Itxialdi handiak eragindako eroriko historikoaren ondoren, uste baino hazkunde handiagoa izan zuen Eusko Jaurlaritzako eskumeneko lurraldeen osotasunak, baina urte arteko tasan islatu zen pandemiaren zuloa: -%7,7ko uzkurtzea egon zen 2019ko hirugarren hiruhilekoaren aldean. Bada, Ekonomia Sailak datu horiek zabaldu ditu, eta pixka bat zuzendu ere bai. %15,2koa ez, baina %15,5ekoa izan zen udako errebotea, gaur jakinarazi duenez, hiru hamarren handiagoa. Eta urte arteko tasan %7,5 uzkurtu da ekonomia.

Hori da irail bukaera arte pandemiak ekonomian egindako zuloa. Izan ere, lehen hiruhilekoan -%4,7ko jaitsiera egon zen, eta bigarrenean, -%16,4ko amiltzea. Urteko azken hiruhilekoak finkatuko du %7,5eko erorikoa azken mendeko urterik okerrenetakoan BPG barne produktu gordinaren eboluzioari begira, eta pandemiaren bigarren olatua ez da laguntzen ari ekonomiaren erorikoa ez dadin izan bi digitukoa. Irailean egindako iragarpenean, Jaurlaritzak aurreratu zuen uste zuela ekonomiak %10,1eko jaitsierarekin itxiko duela 2020a. Baina pandemiaren oldartzeak estimazio hori aldatzera behartu dezakeela aitortu du asteon Pedro Azpiazu Ekonomia sailburuak. 

Enpleguari dagokion datua ere aldatu du Jaurlaritzak. Hobekuntza hiru hamarrenekoa da, bai hiruhilekoen arteko tasan, bai urte artekoan; 2019ko udako hiruhilekoarekiko %6,2 apaldu da enplegua, hortaz. 

Sektoreka

Eskaintzaren ikuspuntutik, urte arteko terminoetan balio erantsiaren atzerakada orokortua izan dela esplikatu du Eustatek, administrazio publikoaren, hezkuntzaren, osasunaren eta gizarte zerbitzuen adarrean izan ezik. Baina aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, balio erantsiaren aurrerapena handia izan da adar gehienetan, lehen sektorean izan ezik; haren jarduerak behera egiten jarraitu du, eta %7,2 egin du atzera, aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, eta %4,4, 2020ko bigarren hiruhilekoaren aldean.

Industriaren sektoreak ere atzerakada izan du urte artekoan, %9,5ekoa. Beherakada hori bigarren hiruhilekoan ikusitakoa baino txikiagoa da; orduan, %26,7koa izan zen erorikoa. Hala, 2020ko hirugarren hiruhilekoan, industriaren suspertzea %23,3koa izan da aurreko epealdiarekiko.

Eraikuntzaren sektoreak ere atzerakada txikiagoa izan du aurreko hiruhilekoan baino: %9,3 jaitsi da urte arteko tasan, eta, hala, %11,8 igo da bigarren hiruhilekoaren aldean.

Zerbitzuen sektorea iaz baino %5,9 apalagoa izan da, baina bigarren hiruhilekoan baino %12,4 handiagoa. Aldakuntza horiek arindu egin dute, hein batean, urte arteko tasaren erorikoa, eta %15,1ekoa da hori.  Zerbitzuen portaera ez da homogeneoa izan. Merkataritza, ostalaritza eta garraioaren adarrak %10,2ko beherakada izan du aurreko urteko epealdi beraren aldean; baina hazi egin da, aurreko hiruhilekoaren aldean, %15,6 hazi da. Beherakada ez da hain nabarmena izan gainerako zerbitzuen adarrean –bertan sartzen dira, besteak beste, lanbide eta finantza jarduerak, eta aseguruak–; urte arteko tasa -%8,1ekoa izan da, eta hiruhilekoen arteko tasa positiboa izan da, %22,1ekoa.

Administrazio publikoaren, hezkuntzaren, osasunaren eta gizarte zerbitzuen adarrean, berriz, aurreko hiruhilekoetan izan den balioaren antzekoari eutsi zaio, eta %1,1 hazi dela kalkulatzen da, bai urte arteko terminoetan, bai hiruhilekoen artekoetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.