Gazteenen bakardadeaz

Pandemia garaiak etxean eta norbere baitara bilduta harrapatu ditu nerabe eta gazte asko. Bakardadea, tristura, asperdura, amorrua eta antsietatea bizi izan dituzte, besteak beste. Haiekin, irakasleekin eta psikologoekin hitz egin du BERRIAk, eta erreportaje bat kaleratuko du bihar

Gazte bat, ikastetxe sarreran, pandemia garaian. EFE
enekoitz telleria sarriegi
2020ko abenduaren 4a
12:20
Entzun

Gazteen Euskal Behatokiak «nola daramazu?» galdera egin die 15 eta 34 urte bitarteko 1.400 gazteri —martxoan ere egin zuten inkesta berbera, eta urriaren 30etik azaroaren 4ra egin dute bigarrena—. Aste honetan bertan eman dituzte emaitzak argitara: hamar gaztetik zazpik amorrua, haserrea eta asperdura sentitzen dituzte pandemia garaian, baita kezka eta beldurra ere. Erdiek tristura, antsietatea eta bakardadea nabaritu dituzte uneren batean. Ondorio nagusi bat: tristeziak eta etsipenak gora egin duela gazteen artean martxotik hona.

Andoaingo (Gipuzkoa) Aita Larramendi ikastolako 17 urteko bost ikaslerekin solasaldia izan du BERRIAk, eta pandemia garaian bizi izandakoak azaldu dituzte. Haien irakasleak, berriz, pandemia garaian ikasleengana hurbiltzeko izan dituzten zailtasunak nabarmendu ditu.

Carmen Maganto EHU Euskal Herriko Unibertsitateko ohorezko psikologia irakasleak eta Saioa Otegi Saiatuz psikoterapia zentroko psikologoak eman dituzte edade horrek berez dakartzan korapiloei buruzko argibideak, eta osasun krisiak areagotu dituenei buruzko azalpenak.

Zinema estreinaldiei dagokienez, Pedro Collantesen El arte de volver film luzea estreinatuko da hurrengo ostiralean Hego Euskal Herrian. Luzaroan etxetik urrun egon den pertsona baten itzulera du ardatz.

Telesailen atalean, El Estado contra Pablo Ibar dokusaila hizpide. HBOk estreinatuko du, Olmo Figueredo zinemagile sevillarrak zuzendu du, eta Irusoin euskal ekoiztetxearekin lankidetzan ondu dute.

Horietaz gain, kode poesiari buruzko erreportajea ere bai. Programazio lengoaian idatzitako olerkiei deritze kode poesia. Aplikazioak egiteko lengoaia olerkiak ontzeko erabiltzen hasi dira, eta euskaraz ere badaude, Puntueus fundazioaren egitasmo bati esker.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.