Aurrekontuak

2021eko Bizkaiko aurrekontuak %6 txikiagoak izango dira

Foru Aldundiak 7.970 milioi euro izango ditu eskura, eta horietatik 1.358 bideratuko ditu sailetara, iaz baino %5,9 gehiago

Bizkaiko ahaldun nagusi Unai Rementeriak eta Ogasun eta Finantzen foru diputatu Jose Maria Iruarrizagak Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrekontuen proiektua aurkeztu dute. ARITZ LOIOLA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2020ko abenduaren 4a
12:44
Entzun

COVID-19ak ekonomian izandako eragina nozituko du 2021. urtean Bizkaiko Foru Aldundiak, eta, horrenbestez, aurrekontuak aurtengoak baino %6 txikiagoak izango dira. 7.970 milioi euro izango ditu eskura, aurten baino 506 gutxiago. Horiek lortzeko, gainera, eta jakina zen bezala, zorpetzera joko du, eta zor hori 410 milioi eurokoa izango da. Zor aurreikuspen horren zati bat, 60 milioi euro, zorpetu nahi duten udalen zorra bere gain hartzeko bideratuko ditu. Udalek berez ezin dute zorpetzera jo, baina aldundiak horretarako modua emateko legezko bidea aurkitu du.

Unai Rementeria ahaldun nagusiaren arabera, aurrekontu hauek «ahalegin izugarria» izan dira aldundiarentzat. Pandemiak utzi duen «salbuespenezko egoerari» eman beharreko «ezohiko erantzun» gisa deskribatu ditu. Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantzen foru diputatuak azaldu du itundutako zergen bilketa %9,8 jaitsi dela, 804 milioi gutxiago bildu dituela aldundiak, eta horrek eragin duela aurrekontuen jaitsiera eta zorpetzea. Hark azaldu du zorra «lanabes erabilgarria» dela, baina zentzuz erabili beharrekoa, «gero ordaindu egin behar delako».

Aurrekontuak txikiagoak izango dira, baina, hala ere, aldundiak diru gehiago jarriko du sailen esku: 1.358 milioi euro, iaz baino %5,9 gehiago. Gizarte sailak hartuko du aurrekontuaren zatirik handiena: %43, eta guztiek diru gehiago jasoko dute hiruk izan ezik: ekonomia sustapena, ogasuna eta finantzak, eta iraunkortasuna eta ingurune naturala. Jaitsiera horien eraginaren zantzu batzuk eman ditu ahaldun nagusiak, esaterako BECen zorra birnegoziatu izana edo ur partzuergoak bere gain hartuko dituen lan batzuk, «horretarako nahikoa gihar ekonomiko baduelako», azaldu du Rementeriak.

Aurrekontua erabiltzeko norabideei dagokienez, ahaldun nagusiak «lau trantsizio handi» aipatu ditu: soziosanitarioa, mugikortasun iraunkorra, digitala eta energetikoa. Pauso horiek emateko aurrekontua 87 milioi euro handiagoa izango da. Orain tramiteak hastea falta da. Sail bakoitzeko diputatuak hilaren 10 eta 14aren artean aurkeztuko ditu bere saileko aurrekontuak, eta aldundiak «otsail hasieran» onartu daitezela espero du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.