Podemosek salatu du EAJk aurrea hartu nahi diola Klima Aldaketaren Legeari

Eusko Jaurlaritzak baimena eskatu dio Gasteizko Udalari, hain zuzen, lurrean zulaketak egiteko eta Shesa enpresa publikoaren bidez gasik badagoen aztertzeko asmoz. Podemosek uste du ihes egin nahi diela Espainiako Kongresuan lantzen ari den Klima Aldaketaren Legeak ezar diezazkiokeen mugei.

Juantxo Lopez Uralde, Miren Gorrotxategi eta Garbiñe Ruiz, gaurko agerraldian. ELKARREKIN-PODEMOS
2020ko abenduaren 4a
13:02
Entzun

Hidrokarburuen esplorazioa eta esplotazioa beren-beregi debekatzea jaso bide du Espainiako Kongresuan tramitatzen ari diren Klima Aldaketaren Legeak, Juantxo Lopez de Uralde Unidas Podemoseko diputatuak esan duenez, eta uste du EAJk aurrea hartu nahi diola Klima Aldaketaren Legeari, Gasteizko Subijanan gasa badagoen esploratzeko baimenak eskatuta

Miren Gorrotxategi Eusko Legebiltzarreko Elkarrekin-Podemoseko bozeramaileak eta Garbiñe Ruiz Elkarrekin Podemoseko Gasteizko zinegotziak egin dute agerraldia Uralderekin batera. Ruizek gogoratu du Euskadiko Hidrokarburuen Sozietateak, Shesa enpresa publikoak eskatu duela baimena gasa badagoen esploratzeko, eta Ruizek esan du hori erauzketaren aurreko pausoa dela. «Klima larrialdiko egoeran iraganeko neurriak ezin dira hartu», esan du Ruizek.

Gorrotxategik argitu du Podemosek 2020ko aurrekontuen legea babestu zuenean EAJ konprometitu zela gas esplorazioetan aurrekontuko dirurik ez inbertitzera, eta Shesa enpresa publikoa desegiteko eskatu zutela: «Gaur egun, ikusten dugu ez dela akordio hori betetzen ari, eta horrek pentsarazten digu EAJ ez dela fidatzekoa».

Uraldek gogorarazi du Kongresuan onartu berri den aurrekontuetan inoiz ez bezalako diru saila jaso dela berriztagarrien ikerketarako, eta trantsizio ekologikoaren aldeko apustu argia dela: «%140 igoko da inbertsioa». Energia berriztagarrien aldeko apustua egiteko garaia dela esan du.

EH Bilduk ere ildo beretik egin izan du afera honetan legebiltzarrean. Shesa desegiteko eta energia berriztagarrietan inbertitzeko eskatu diote Arantxa Tapia Ingurumen sailburuari; izan ere, datu ofizialen argitara, Shesa defizitarioa dela ikusi da. Mikel Otero legebiltzarkidearen arabera, 80 milioi euroko zuloa eragin du enpresa publikoak.

Arantxa Tapiak gai honi buruz legebiltzarrean galdetu ziotenean berretsi zuenez, gasa badagoen esploratzen eta badagoen tokietan ustiatzen segituko dute, «trantsiziorako energia» gisa hartzen dutelako. Berriztagarrietan ere inbertituko dutela berretsi zuen.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.