Zientzia

Areciboko teleskopioaren hondoratzearen bideoa zabaldu dute

Asteartean erori zen 900 tonako plataforma, hari eusten zioten azken kableek huts egin ondoren. Teleskopioaz arduratzen zen AEBetako Zientziaren Fundazio Nazionalak argitaratu ditu irudiak.

Edu Lartzanguren.
2020ko abenduaren 4a
14:20
Entzun

Areciboko (Puerto Rico) behategiko irrati-teleskopioaren 900 tonako plataforma hondoratu egin zen asteartean, hari eusten zioten azken kableak apurtu baitziren. AEBetako Zientziaren Fundazio Nazionala arduratzen zen teleskopioaz, eta hondoratzearen unea erakusten duten bideoak zabaldu ditu gaur. Lehenengo bideoan, plataforma behetik ikusten da, eta euskarriek nola egiten duten huts ikusten da. Bigarrena, gailuaren gainetik grabatuta dago, drone batekin, eta kableak hausten eta plataforma amiltzen erakusten du.

Teleskopioa zientziaren —eta fikzioaren— Ikono bat zen. Baina egiturazko arazoak zituen

Irrati-teleskopioaren plataforma, diskoaren kontra amilduta, joan zen asteartean harturiko irudi batean.Dennis Vazquez

Abuztuan kable laguntzaile bat hautsi zen, eta 30 metroko zulo bat sortu zuen azpiko diskoan. Azaroaren 6an, hari eusten zion altzairuzko kableetako bat hautsi egin zen. Isaias ekaitz tropikalak Puerto Rico astindu ondoren zabaldu zuten berriz, baina ez zuten argitu fenomenoak eragina izan ote zuen ezbeharrean. Kalteak konpontzeko ahalegina egin zuten, baina ingeniariek ikusi zuten konponduta ere egitura kolokan egongo zela luzera begira. Horregatik, azaroaren 19an, teleskopioaren arduradunek iragarri zuten egitura desmuntatu egingo zutela, «erortzeko arriskua» zegoelako, Zientzien Fundazio Nazionaleko zuzendari Sethuraman Panchanathanek azaldu zuenez.

Hau da hondoraturiko egitura.Mario Roberto Duran Ortiz

Puerto Ricoko iparraldean dago behategia, eta erreferentzia izan da mundu osoko zientzia komunitatearentzat. Izan ere, besteak beste, Lurraren inguruan orbitatzen duten asteroideen bila aritu dira teleskopio erraldoiaren bidez, planeta arriskuan jar baitezakete. Horrez gain, espazio urruneko objektuak, pulsarrak eta irrati uhinak aurkitu eta behatu dituzte hamarkada luzez.

Adimen Estralurtarraren Bilaketa egitasmoaren tresna nagusietako bat izan da egitura. Esne Bidea galaxian zibilizazio baten zeinuen bila aritu dira han jasotako uhinak aztertuta. Hainbat filmetan agertu da, besteak beste, GoldenEye (1995), Species (1995), eta Contact (1997), baita The X-Files telesailean ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.