Segurtasun orokorrerako legea salatu dute dozenaka herritarrek Baionan

Eragile andana batu da Frantziako Asanbleak onartu duen lege proposamenaren kontra. Eskubide murrizketa salatu dute

jarraia190751.jpg
Ekhi Erremundegi Beloki.
2020ko abenduaren 5a
18:30
Entzun

300 bat pertsonak parte hartu dute Frantzian bozkatzen ari diren Segurtasun Orokorrerako legea salatzeko mobilizazioan, gaur arratsalean. Baionako herriko etxe aitzinean elkartu dira lehenik, eta handik manifestazioa abiatu zuten ondotik, Baionako karriketan. Jaka Horiek deitu zuten mobilizazioa, baina, eragile politiko andanak eman dio babesa.

Lege hori «afruskeria bat» dela salatu du Jean Lissar EELV-ko kideak. «Emeki emeki ari dira libertateak txikitzen». Eñaut Aramendi LABeko ordezlariaren hitzetan, «Frantziako Gobernuak osasun egoera erabiltzen du askatasun guziak desagerrarazteko. Gobernu autoritario baterantz goaz», salatu du. Generation alderdiko Mathieu Bergeren ustez, «askatasun publikoen kontrako kolpe bat» da. «Ordena atxikitzearen aitzakipean estatu polizial bati buruz goaz gero eta gehiago». Haserre mintzatu da Martine Mailfert Frantzia Intsumisoko ordezkaria ere: «Leporaino aseak gaude! Gobernu honek ulertzen ez badu, osasun krisiari zilegitasun krisia gehitu beharko zaio; guretzat aspaldi hasia da».  Azkenik, «demokraziaren aurkako legea» salatu du EH Bairen izenean Gabi Apeztegik.

Azaroaren 24an onartu zuen legea Frantziako Asanbleak, eta orain, Frantziako Senatuan eztabaidatu beharko dute. Baina izandako polemikaren ondotik, haserre gehien sortu duen 24. artikulua lege proposamenetik kentzea erabaki du, azkenean, Errepublika Martxanek gidatzen duen gehiengoak. Poliziaren irudiak hedatzea murriztu nahi zuen, hasieran, lege proposamenak. Artikulua berriz idatzi, eta beste lege proiektu batean integratuko dutela iragarri zuten pasa den astean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.