Lemoizko zentrala

Txikiek sugetzarra garaitu zutenekoa

Lemoizko zentral nuklearraren kontrako borroka mugarri da Euskal Herriko historia hurbilean. Frankismo garaian martxan jarritako proiektuak, inoiz ikusi ez bezala aktibatu zuen gizarte zibila. Orduan sortutako margolan erraldoi bat Bilboko Arte Ederren Museoan ipini dute.

Ana Lopez, Juan Tomas Entziondo eta Jose Allende, azaroaren 18an, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Peru Azpillaga Diez.
2020ko abenduaren 7a
08:13
Entzun

Sugetzar bi. Espainiako bandera eta AEB Ameriketako Estatu Batuetakoa. Joan den mendearen erdialdeko mundu mailako hainbat agintari mahaiaren bueltan. Tartean, hamaika gizaki ñimiño, ahal bezala, sugeekin borrokan. Zeruan, Picassoren begia, eta erdian, aldarri bat: Lemoiz gelditu. Lelo horrekin izendatu zuten Ameztoi, Zumeta eta Zabalak 1980ko Bilboko Herrikoi Topaketa antinuklearretan jende aurrean sortu zuten mural erraldoia. Orain, Bilboko Arte Ederren Museoak areto bat eskaini dio artelanari. Koadrotik abiatuta, Bizkaiko Hitza-k zentralaren aurkako mugimenduko hiru kide elkarrizketatu ditu, margolanaren oinetan.

«[Francisco] Franco artean bizirik zela, azken opari bat egin nahi izan zion euskal gizarteari: nuklearizazio plana». Argi mintzatu da Juan Tomas Entziondo. Proiektu horren aurka borrokan aritutakoa da, eta gogoan du garai hartan arnasten zen «aldaketa sentimendua». 1970eko hamarkada zen, eta, Espainiako nuklearizazio planaren baitan, Euskal Herrian lau zentral egiteko asmoa azaldu zuen Iberduero enpresak: Lemoizen, Ispasterren, Deban (Gipuzkoa) eta Tuteran (Nafarroa). «Euskal kostaldean soilik, 55 kilometroko tarte batean, 10.000 MW jarri nahi zituzten; munduan egongo zen kontzentrazio nuklearrik handiena izango zen hura, baita gaur egun ere», salatu du, haserre, Jose Allendek. Barru-barrutik mintzatu da, orain dela 40 urte piztutako amorrua bizirik duela erakutsiz.

Azkenean, Lemoizkoa izan zen martxan jarri zen proiektu bakarra, besteek hasi baino lehenagotik egin baitzuten topo gizarte zibilarekin. «Antolakuntzaren bidez, basakeria horren aurka altxatu zen gizarte zibila, eta herri aktibazio ikaragarria sortu zen; inoiz ikusi gabekoa, gainera», gogoratu du Ana Lopezek.

Basorda izeneko kalan eraiki zuten Lemoizko zentrala, baina obra ez zuten inoiz burutu, eta zentrala ez zen inoiz martxan jarri. Proiektua gelditzeko arrazoi asko aipatu dituzte, baina bat etorri dira ideia batekin: gizartearen erantzuna. Maila ezberdinetan bada ere, hirurek parte hartu zuten euskal kostaldearen nuklearizazioaren aurkako mugimenduaren gidaritza eraman zuen plataforman, Por una costa vasca no nuclear izeneko hartan, eta, nostalgian erori gabe, garai hartan ikasitakoarekin egungo erronkei aurre egiteko beharra aldarrikatu dute. Lopez Mungiako auzokideen elkarteko kide zelako eta Entziondo Bilboko auzokideen elkarteko kide zelako hasi ziren plataforman parte hartzen. Allende energia nuklearraren inguruko aditu nagusietako bat izan zen hamarkada hartan.

Kostaldearen alde

Entziondo hasi da esplikatzen: «Lehenik eta behin, argi utzi behar da gurea ez zela mugimendu antinuklear bat. Gure kostaldearen nuklearizazioaren aurkako erantzun artikulatu bat izan zen, energia nuklearraren erabilera gorabehera, hemen ezarri nahi zuten proiektua astakeria hutsa zelako». Haren esanetan, plataformaren lana «funtsezkoa» izan zen: «Borroka bultzatu, sustatu eta koordinatu egin zuen, argudiaketa osatu eta mobilizazioak antolatu. Gerora, tokiko komite antinuklearrak sortu ziren, eta horiek txoko guztietara eraman zuten borroka hura».

Entziondok adierazi duenez, hamarkada oso batez luzatu zuen jarduera plataformak. 1973aren bueltan, ezagutzera eman ziren proiektu nuklearren «arriskuaz» mintzatu zen lehenengoa Allende izan zela adierazi du Entziondok: «AEBetan egindako ikerketa bat argitaratu zuen Allendek; ezagutzera eman zituen halako azpiegiturek sortzen zituzten arazoak, eta, hori jakin zenean, jendea mobilizatzen hasi zen». Lehenengoak Deba ingurukoak izan zirela gehitu du: «Frankismo garaia bazen ere, eskualdeko udalerri asko mobilizatzea lortu, txosten bat aurkeztu eta proiektua gelditu zuten».

Allendek ere garai hartan jarri du arreta. «1973aren amaieran abiatu zen guztia. Lemoizko proiektua martxan zegoen jada, eta beste hiru proiektuek piztu zuten herritarren erantzuna: gu Ispasterren hasi ginen lanean, eta indar handiagoarekin egin zuten Deban». Esan du beste proiektu horiek ez zituztela bertan behera utzi, baina urte eta erdi egin zuten geldi: «Ez zirudien martxan jarriko zituztenik; orduan hartu zuen protagonismoa Lemoizek».

Nabarmendu duenez, Lemoizkoa zenez martxan zegoen bakarra, horren aurka egitera bidera zituzten indarrak. «Jada ez zen Ispaster edo Deba; euskal kostaldea zen, eta, zentzu horretan, Lemoiz zen erabakigarria», erantsi du Entziondok. Lopezek ere hala gogoratu du: «Hor sartu nintzen ni borrokan. Toki konkretuetako gai bai izatetik, auzi nazional bat izatera igaro zen». Allenderen esanetan, «herri oso bat» zegoen arriskuan: «Ez ziren Lemoiz edo Mungia; Euskadi zen arriskuan zegoena, zentralean edozein istripu egonez gero —sabotajea zein akatsa—, mapatik desagerrarazi ahal gintuelako».

Frankismo garaia zenez, legezkoak ziren elkarte bakanetara jo zuten mugimendua egituratzeko: auzokideen elkarteak. Horien guztien baturatik jaio zen plataforma 1976an. «Hala hasi nintzen parte hartzen, Mungiako gurasoen elkarteko kide legez», esan du Lopezek. Elkarte guztietako arduradunekin plataforma sortu zuten, eta, hortik aurrera, tokiko komiteekin batera, Lemoizen aurkako borrokak goia jo zuen.

Margolan batean bildu

Behin mugimendua egituratuta, mota guztietako ekintzak abiatu zituzten; herriz herri hitzaldiak egitetik, ordura arte Europa osoan egindako mobilizaziorik jendetsuenak egitera. «Jendeak imajinazio handia zuen», gogoratu du Lopezek. «Oso garai bereziak ziren», erantsi du Entziondok. «[Espainiako] Trantsizio garaiak esperantza eta ilusioa ekarri zuen gizartera, eta Lemoizen aurkako mugimenduak, gogo horretatik edan zuen», oroitu du. «Mota guztietako jendea hurbiltzen zen, mobilizazioak ikurrina ateratzeko aitzakia ziren, oraindik ere ilegala zen eta. Aldaketa arnasten zen».

Lau urteren ostean, ordea, mugimenduak «goia jo zuen irudipena» zutela azaldu du Entziondok: «Dena eginda zegoela sentitzen genuen». Orduan, euskal kulturgileen atea jotzea erabaki zuten. «Harreman handia genuen, eta, asko, mugimenduaren parte aktibo ziren. Hori dela eta, Herrikoi Topaketak izeneko jardunaldi batzuk antolatu genituen Bilboko erakusketa azokan, eta izugarrizko arrakasta izan zuten», kontatu du Entziondok. 1980ko azaroaren 8an eta 9an egin zituzten, eta 300 artista baino gehiago bildu ziren. Hain zuzen, topaketa horiek abiapuntutzat hartuta antolatu dute Lemoizko zentralaren inguruko erakusketa Arte Ederretan Museoan, Bilbon. «Murala gordeta izan dugu, eta poza ematen du hemen ikusteak», esan du Entziondok.

Inoiz ez zen martxan jarri

1980ko hamarkadako lehendabiziko urteak erabakigarriak izan ziren Lemoizko proiektua betiko bertan behera gera zedin. Gizarte aktibazioarekin batera, ETA ere borroka horretan sartu zen, eta proiektuak izugarrizko presioa jasan zuen: plataformaren protesta baketsuei, atentatuak, bahiketak, sabotajeak eta hilketak gehitu zitzaizkien.

1979. eta 1981. urteak mugarri garrantzitsu bilakatu zirela azpimarratu dute hirurek. Guardia Zibilak Gladys del Estal ekintzailea hil izana, AEBetako Harrisburgeko zentral nuklearrean istripua, ETAk Lemoizko zentraleko ingeniariburua bahitu eta hil izana, atentatuak, lehergailuak manipulatzen bizia galdutakoak… Eta, horrekin batera, Espainian, Antonio Tejeroren estatu kolpearen saioa. «Oso garai nahasiak ziren, biolentzia zurrunbiloa martxan zegoen. Lemoizen aurkako mugimendua erdian zegoen. Zentrala geratu nahi genuen, baina modu baketsuan jardun genuen beti. 1980ko hamarkadarekin batera, beste rol bat jokatu genuen: salaketari eutsi genion eta zentralaren aurkako errekurtso legalak jartzen jarraitu genuen, baina jada ez genuen gidaritza lan hori egiten».

1982an, zentrala eraikitzeko lanak geratu zituzten. Hala ere, ez zuten proiektua 1984ra arte bertan behera utzi. «Iberduerok bazekien ez zuela etekinik aterako, eta alderdi nagusiei ere arazo gehiegi ekarri zien jada proiektuak» azaldu du Allendek. Orduko Espainiako Gobernuak eta Iberduerok negoziatzeari ekin zioten orduan: «Gobernuak, proiektua geratzearen truke, obretan gastatutako guztia eta irabazteari utzitakoaren zati bat eman zion Iberduerori. Eta nola ordaindu da dirutza hori? Guk guztiok egin dugu urteetan zehar, argiaren fakturaren bitartez», kexatu da Allende.

Lemoizko proiektua geldiaraztea, gizarte zibilaren «erabateko garaipena» izan zela nabarmendu du Allendek. Eta, era berean, alderdi politikoek gatazkan jokatutako rol «lotsagarria» salatu nahi izan du: «EAJ izan zen zentral nuklearraren defendatzaile nagusia. Negozio handia zuten bertan; Lemoiz geldiaraztea, gizarte zibilaren garaipen nagusietako bat izan da, alderdi politikoen interesen gainetik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.