Alaves 0 - 0 Reala

Realaren joari eutsi dio Alavesek

Gola sartzeko aukera bikainak izan dituzte donostiarrek, baina Pacheco Alaveseko atezaina izan da neurketako jokalaririk onena. Realak Espainiako Ligako lidergoa galdu du, eta Alaves hamaikagarren dago sailkapenean.

Alaveseko eta Realeko jokalariak, atzo, Mendizorrotzan. FOKU
2020ko abenduaren 7a
08:56
Entzun

Fernando Pacheco. Ez zen beste izenik entzuten atzo Alavesek eta Realak Mendizorrotzan (Gasteiz) jokatu zuten neurketaren ostean. Realak, beste behin ere, baloiaren jabetza izan zuen 90 minutuetan zehar, eta aukera bikainak ere izan zituzten. Baina atzo ez Isak, ez Portu, ez Willlian Jose. Atzo Pachecok irabazi zituen lehia guztiak. Atletico Madrilek garaipen bat lortu duenez, Realak Espainiako Ligako lidergoa galdu du, eta bigarren da sailkapenean.

Norgehiagokari ekin aurretik hasi zitzaizkien arazoak donostiarrei: David Silva beroketan lesionatu zen, eta harmailetan geratu behar izan zuen. Beraz, atzo Silva eta Oiartzabal gabeko hamaikakoa zelairatu behar izan zuen Imanol Alguacilek, Realaren denboraldi hasiera onaren bi erantzule nagusiak, ziurrenik. 

Neurketako lehen gol aukera garbia donostiarrek izan zuten: Isakek ate aurrean errematatu zuen Merquelazen erdiraketa bat —atzo lehen aldiz hasieratik jokatu zuen irundarrak—, baina atepean geratu zuen baloia Pachecok. Berehala iritsi zen Alavesen erantzuna ere. Remiro gaizki irten zen baloi baten bila, eta Joseluk area kanpotik egindako jaurtiketa gutxigatik joan zen kanpora, atea hutsik zegoela. Ez zen erremate erraza.

Hortik aurrera, Reala izan zen baloiaren jabe, eta euren atea gogor defendatzeari ekin zioten gasteiztarrek. Bigarren zatian, gainera, jokalari bat gutxiagorekin geratu zen Alaves, Battagliak epaileari zerbait esan ziolako eta hark txartel gorria erakutsi ziolako. 61. minutua zen. Hortik neurketa amaierara arte, ordea, are eta defentsa lan hobea egin zuen Alavesek, eta bolada onari eusteko puntu bat eskuratu zuten.

Realak, berriz, aldaketa asko egin zituen hamaikakoan, datorren astean Napolin (Italia) hil ala biziko norgehiagoka jokatuko baitute Europa Ligan.

Alaves: Pacheco; Ximo Navarro, Lejeune, Laguardia, Duarte; Peleteiro, Battaglia, Pina, Luis Rioja (Edgar, 88'); Lucas Perez (Martin, 72') eta Joselu.

Reala: Remiro; Gorosabel (Zaldua, 75'), Zubeldia, Sagnan (Zubimendi, 83'), Aihen; Roberto Lopez (Bautista, 75'), Gebara, Merino; Portu (Barrenetxea, 83'), Merquelanz eta Isak (Willian Jose, 75').

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.