Eibar 0 0 Valentzia

Etxean ezin irabazi

Garaipena merezi arren, Eibarrek 0-0 berdindu du Ipuruan. Bi baloi bidali ditu zutoinera, baina azken jokaldian partida galtzear egon da.

ainara arratibel gascon
2020ko abenduaren 7a
23:17
Entzun

Ipuruan garaipena lortu ezinik segitzen du Eibarrek denboraldi honetan. Puntu bakarrarekin konformatu behar izan du oraingo honetan, 0-0 berdindu baitu Valentziaren kontra. Jose Luis Mendilibarren taldea hobea izan da: baloiaren jabetza eta partidaren aginte makila izan ditu. Partidaren azken txanpan aukerak izan ditu; besteak beste, Enrichek baloi bat bidali du langara. Baina nolakoa den futbola. Neurketako azken jokaldian ia galdu egin du. Buruz buruko jokaldian gelditu bikaina egin dio Dimitrovicek. 11.a da orain sailkapenean.

Eibarrek erritmo biziz eta ondo hasi du partida. Valentziak, berriz, sasoi honetan egin ohi duen moduan, atzean sartuta, kontraerasora irteteko. Ohikoena izan ez arren, baloiaren jabetza izan dute gipuzkoarrek. Pixkanaka, ordea, erritmoa galduz joan da norgehiagoka. Hori ez zitzaion komeni Eibarri. Parekatua izan da lehen zati hori, eta gol aukera gutxikoa.

Bizi atera da Eibar bigarren zatian, baina 53. minutuan Valentzia lehen gola egiteko puntuan egon da. Maricek punpa lasterrean errematatu du, eta Dimitorvicek sekulako gelditua egin du. Eibarrek hobea izaten segitu du, eta azken minutuetan estutu egin du. Are gehiago sartu du atzean Valentzia. Eta ia erreskadan bi baloi bidali dituzte zutoinera Bryan Gilek eta Enrichek. Lehenak 83. minutuan, eta besteak 86.ean. Merezi zuen garaipena, Javi Graciaren taldeak partida txikia egin baitu. Baina Herrialde Katalaneko taldea, aipatu bezala, garaipena lortzeko zorian egon da. Hor agertu da beste behin. Igandean Realaren kontrako derbia izango du Eibarrek, Anoetan (14:00).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.