Koronabirusa

Positibo gehiago baina tasa apalagoa Hegoaldean

Asteburuan baino test gehiago egin dituzte Osakidetzak eta Osasunbideak, eta positibo tasa apaldu egin da: %5,4

Antigenoko test bat, Zarauzko osasun etxean. GORKA RUBIO / FOKU
Ion Orzaiz.
2020ko abenduaren 8a
11:23
Entzun

Asteburua igarota, aurreko egunetako beheranzko joerara itzuli dira COVID-19aren transmisio datuak. Atzo, PCR eta antigeno proba gehiago egin zituzten Osakidetzak eta Osasunbideak (7.974, bezperan baino 1.674 gehiago) eta horietan, 430 kasu positibo atzeman dituzte (atzo baino 33 gehiago). Askoz test gehiago egitearen ondorioz, positibo tasak nabarmen egin du behera egun batetik bestera: %6,3tik %5,4ra.

Arabak, Bizkaiak, Gipuzkoak eta Nafarroak egunak daramatzate OME Osasunaren Mundu Erakundeak ezarritako %5eko langa horretatik hurbil, baina tasa horri hainbat egunez jarraian eutsi ezinik. Zaila da izurria kontrolpean mantentzea, eta ohiko bihurtu dira datu eta ehunekoen gorabeherak.

Datuak herrialdeka aztertuta, Nafarroak erregistratu du beheranzko joera nabarmenena: 61 kasu positibo atzeman dituzte gaur, aurreko egunean baino 21 gutxiago. Nafarroako Osasun Publikoko Institutuak jakinarazi duenez, gainera, 1.358 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo, eta, horren ondorioz, positibo tasa %4,5era murriztu da herrialdean. Araban 81 positibo atzeman ditu Osakidetzak; Bizkaian, 140; eta Gipuzkoan, 145.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.