Lege egitasmoa

EH Baik «separatismoaren kontrako legea» gaitzetsi du

Frantziako Gobernuak abiatu duen lege proiektua Euskal Herriaren kontrako «erasotzat» jo du alderdiak.

Jean Castex, Fantziako Parlamentuan. MOHAMMED BADRA
Oihana Teyseyre Koskarat.
2020ko abenduaren 9a
11:36
Entzun

Jean Castex Frantziako lehen ministroak aurkeztu zuen lege proiektua iragan udan, Frantzian gertatutako eraso islamistei aurre egiteko helburuarekin. Lehen ministroak estatuaren «etsai» gisa aurkeztu zuen «separatismoa» orduan. Geroztik, zehaztu egin ditu legearen baitako zenbait neurri, eta EH Baik kezka erakutsi du horien aitzinean. «Nazionalismoaren gorazarrea eginez, Errepublikak ekarri eta ekarriko dituen onurak goraipatzen ditu, ikuspegi hori zalantzan jarriko duen oro legez kanpo kokatuz», salatu du. Izan ere, lege proiektuaren helburua «hainbat talde, beren ezaugarri etnikoetan edo erlijiosoetan oinarrituta, jarrera intrantsigentez ixteko aukera eragoztea» litzateke, Castexen arabera.

Hala, EH Baien arabera, lege egitasmoak  «iritzi politiko, ikuspegi filosofiko, erlijioso, eta sindikatuetako kideen fitxaketa sistematikoa biltzen» du. Alderdiaren arabera,  «orain arte fitxaketa horiek ekintza terroristari mugatzen» zitzaizkion. Gainera, protestak eragin dituen Segurtasun Orokorrerako legearen 24.artikulua —Frantziako Poliziaren irudiak grabatu eta zabaltzearen debekua— ere biltzen du «separatismoaren kontrako» lege proiektuak. EH Bai: «Errepublikaren instituzioei kalte egitearen nozioa asmatu dute».

EH Baik askatasun indibidual eta kolektiboen kontrako «erasotzat» jo du lege proiektua. «Hainbat komunitateren kontrako erasoa da Frantses nazionalismo atzerakoienaren partetik. Musulmanek dute estigma hori lehen lerroan jasaten. Iritzi publikoaren aitzinean etsai komun berri bat sortzen ari dira», alderdiaren erranetan.  Hala, Euskal Herriaren kontrako erasoa ere badela uste dute: «Gure herriaren kontrako erasoa ikusten dugu honekin. Burujabetzaren alde, gure herriaren eskubide politikoak defenditzea, ez dator bat lege horren oinarriarekin. Honako hau baliatua izan daiteke eraiki ditugun hainbat tresnaren kontra egiteko. Adibide argia izan dugu Hiriburun murgiltze klase baten zabaltzeak sortu polemikarekin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.