Energia

Araban lau parke eoliko jartzeko baimena eskatu du Aixeindarrek

Azazetan, Iturrietako mendietan, Arkamon eta Labrazan kokatu nahi ditu. 250 megawatteko potentzia izango lukete.

Iturrietako mendien irudia. JOSEAN GIL-GARCIA
Iker Aranburu.
2020ko abenduaren 9a
12:02
Entzun

Legealdian energia eolikoa bultzatzeko konpromisoa hartu zuen Eusko Jaurlaritzak, eta Aixeindar enpresa sortu zuen iaz horretarako. Jaurlaritzaren menpeko Euskal Energia Erakundeak du konpainia horren %40, eta Iberdrolak gainontzeko %60.

Aixendar bere asmoak zehazten hasi da gaur. Arabako mendietan lau parke eoliko jartzeko baimena eskatu du, 250 megawatteko potentziarekin. Aurrera egingo balute, asko handituko litzateke gaur egungo ahalmena Jaurlaritzaren menpeko lurraldeetan, 153 MWeko potentzia dagoelako gaur egun instalatuta (Oiz, Elgea...).

Proiektuen artean handiena Arkamoko mendietan jarri nahi duena da, Erriberagoitiako lurretan. 95 megawatteko ahalmena luke.

Jakina zen Iturrietako mendietan ere leku bila ari zela Aixeindar, eta gaur baieztatu du han 75 megawatteko parkea jarri nahi duela, Arraia-Maeztuko lurretan.

40 MWeko ahalmena lukete beste bi parkeek, Azazetan (Arraia-Maeztu eta Bernedo), eta Labrazan.

Aurkeztutako lau eskaera horietatik, hiru (Iturrietako mendiak, Arkamo eta Labraza) Espainiako Ekologia Trantsizio eta Erronka Demografiko Ministerioan egin ditu Aixeindarrek, eta eta bestea (Azazeta), berriz, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailean. Aixeindarrek azaldu duenez, tramitazioa leku ezberdinetan aurkeztearen arrazoia hauxe da; batetik, tramitazioa proiektuaren potentziaren arabera egin behar da (50 MW-etik aurrera Estatuko erakunde eskudunaren aurrean, kasu honetan Ministerioa dena); eta bestetik, proiektuak autonomia erkidego bati baino gehiagori eragiteagatik, (Labrazako kasua dena, Nafarroari dagokionez)

Beste lurraldeetan ere haize errotak jartzeko lekuen bila ari da Aixeindar. Haizearen neurketak egiten ari da, «tokian tokiko potentziala ezagutu nahian eta egitasmo berriak abiarazteko aukera ebaluatzeari begira».  
 
Konpainiak justifikatu duenez, «kontsentsu erabatekoa dago: ekonomiaren deskarbonizazioari eta klima aldaketari aurre egiteko, energia eolikoa ezinbesteko tresna edo palanka da. Gainera, Euskadi munduko onenen artean kokatuta dago industria ehunari dagokionez, punta-puntako enpresak baititu, euskal industrian oso garrantzitsuak izateaz gain maila teknologiko eta garapen handikoa direnak, mundu osora esportatzen ari direna. Ekosistema horrek aukera ematen du, besteak beste, parke eoliko baten diseinu, prestaketa eta ekoizpen osoaren katea Euskadin egin ahal izatea, AEBetako mendebaldeko kostaldean gertatzen dena bakarrik, zenbaitetan»-
 
Era berean, Pariseko Akordioan ezarritako konpromisoei eta Europako Batasunaren irizpideei erantzun nahi diela dio Aixeindarrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.