Lan gatazka

«Erakunde publikoek ITP estutu behar dute»

PCBko langileek eragile publikoen inplikazioa eskatu dute 136 kaleratzeak eragozteko. Behin behineko neurriak aski direla uste dute.

PCB ITP Castingseko langileen manifestazioa. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2020ko abenduaren 9a
19:25
Entzun

Precision Castings Bilbaoko (PCB) langileek ITP Aerori «presio egiteko» eskatu diete erakunde publikoei, haien ustez enpresak egin nahi dituen 136 kaleratzeak eragotzi daitezkeelako. Horretarako, baina, ITP «behartu» egin beharko dute, eta Jaurlaritzak, Bizkaiko Aldundiak, eta Sestao eta Barakaldoko udalek horretarako ahalmena dutela uste dute. Era berean, partida kalean ere jokatuko dela argi dute, eta hainbat mobilizazio deitu dituzte Ezkerraldean hurrengo egunetarako. 

«Sestaoko eta Barakaldoko ITP plantak dira egun Ezkerraldeko enpresarik garrantzitsuenak. Ezin dugu onartu eskualdean enplegua suntsitzen jarraitzea, are gutxiago eragotzi daitekeenean». Angel Rodriguez Precision Castings Bilbao langile batzordeko presidenteak (CCOO) hitz horiekin laburbildu du langileen. ITP Aeroren fundizioa da PCB, eta 136 langileri eragingo dion erregulazio espediente bat du mahai gainean. Hilaren 23ra arte negoziatuko dituzte neurriaren baldintzak langileekin. Egun 405 langile dira, finkoak denak, eta 45 urteko batez besteko adinarekin. Dena den, urtarrilean 620 langile inguru ziren, eta enpresak ez die kontratua berritu behin-behinekoei. 

Langile batzordeak argi du zeintzuk diren negoziazio mahaian jokatu nahi dituen kartak. «Aurreikuspenen arabera, 2022. urterako susperraldi argia espero da hegazkigintzan. Beraz ez dugu ulertzen enpresak egiturazko neurriak hartzea», azaldu zuen Rodriguezek. Aurretik, baina, 2021. urtea dago, eta horri aurre egiteko behin behineko neurriak proposatu dituzte bileretan. «Urte zaila izango da, eta litekeena da jaitsiera izatea eskaeretan. Baina badaude kaleratzeak eragozteko neurriak: aldi baterako erregulazioak... Hortik jo behar du konponbideak, eta urtebete barru egoera berriz aztertu». Sindikatuen arabera, ITP taldeak 105 milioi euroko irabazi zituen 2019an.

Enpresak negoziazioetan esan duenez, 2021.ean ia erdiraino jaitsiko da ekoizpena, baina batzordean uste dute ez dela hainbesterako izango. Gainera dagoeneko lantaldea murriztua dago behin behinekoen kaleratzeekin. Mugimenduen atzean, baina, beste aldagai bat dago: Rolls Roycek ITP Aero saldu nahi du; eta erregulazioak asmo horrekin lotura izan dezakeela iritzi diote sindikatuek. Gauzak hala, erakunde publikoen laguntza eskatu dute. «Jarrera argia erakutsi behar dute. Hitzetatik ekintzetara pasatu behar dute eta enpresa presionatu langileen adosturiko irtenbide bat exijitzeko». Sektorean inbertsio publiko handiak egin direla nabarmendu du Rodriguezek, eta hortik iritsi daiteke presiobidea.

Iragan astean ELA sindikatuak jakinarazi zuen «epe ertainean» lankarga berria espero dutela ITPk Zamudion (Bizkaia) duen plantan. PCBn harentzat egiten dute lan, eta albiste ona dela badakite, baina egun epe motzagoko neurriak behar dituztela esan zuen Rodriguezek. Horiek lortzeko, bederatzi eguneko grebaldia eta hainbat mobilizazio antolatu dituzte hurrengo bi asteetarako. Nagusiak etziko eta hurrengo larunbateko martxak dira. «Ezkerraldean egin nahi duten harrapaketa eragozteko eskualde osoaren beharra dugu». 

LAN GATAZKA 
PCB ITP Castingseko lan erregulazio espedientearen baldintzak negoziatzeko epea hilaren 23an bukatuko da. Enpresak 136 langile kaleratu nahi ditu, eta urtarrilaz geroztik ez die kontratua berritu behin behineko 120 langileri. 
 

Protestaldiak
Grebak. Egun osokoak—zortzi ordukoak txandako— 23ra arte, bihar izan ezik. Bederatzi egun guztira.
Mobilizazioak. Bi martxa handi: etzi (11:30), Barakaldo-Sestao; eta 19an (11:30), Sestao-Barakaldo. 14an eta 22an ere manifestazioak egingo dituzte Barakaldon. 17an kontzentrazioa egingo dute Eusko Jaurlaritzaren aurrean, Gasteizen; eta 18an Bizkaiko Aldundiaren egoitzaren aurrean, Bilbon.   
 

Bilerak
Enpresarekin. Gaur, eta hilaren 16an, 21ean eta 23an.
Eskaerak. Langile batzordeak kaleratzeak saihestu daitezkeela uste du. Aldi baterako erregulazio luze bat onartzeko prest legoke. 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.