Ostalaritza berriro irekiko da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

LABIren aholku batzordeak erabaki du udaletatik atera ahal izatea eta konfinamendu perimetrala lurralde historikoa mugatzea. Autonomia erkidegotik atera ahal izango da abenduaren 23tik 26ra eta abenduaren 30etik urtarrilaren 2ra.

Langile bat, terraza bateko mahaia desinfektatzen. BIEL ALIÑO / EFE
2020ko abenduaren 9a
21:17
Entzun

Terrazez gain, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako taberna eta jatetxeen barruan edukieraren %50era arte sartu ahal izatea baimendu du LABiren aholku batzordeak. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ohartarazi du maskara jartzea «derrigorrezkoa» izango dela uneoro, jateko eta edateko uneetan ezik.

Barran ezingo da kontsumitu, ez zutik, ez eserita. Erabiltzaileek mahai baten inguruan eseri beharko dute. Ostalaritza 06:00etatik 20:00etara arte egon ahalko da irekita. Dena den, intzidentzia tasa 100.000 biztanleko 500 positibotik gora duten herrietan itxita jarraituko du. Horrez gain, terrazetan ez erretzeko gomendioa egin du lehendakariak.

Momentu honetan, Bizkaiko bi herri (Arrigorriaga eta Ermua) eta Gipuzkoako hiru herri (Arrasate, Eibar eta Ordizia) bakarrik daude 100.000 biztanleko 500 kutsatutik gorako kasuen artean, alde batera utzita herri txikietako datuak. Bost herri horietan ezingo dute ostatuek oraingoz ireki.

Halaber, urriaren 26tik mugikortasuna mugatzen duen dekretua malgutuko dute: herritik sartu eta irten ahal izango da, baina ez probintziatik —hots, arabarrak Araban zehar mugitu daitezke, bizkaitarrak Bizkaian zehar eta gipuzkoarrak Gipuzkoan zehar—.

Eguberriei dagokionez, neurri hori malgutu egingo dute. Iragan asteazkenean Espainiako Gobernuak erkidegoekin batera hitzartutako neurrietako batzuk aldatzea eta gogortzea erabaki baitu LABIk. Ospakizunetan erkidegotik atera edo sartu ahal izango da, baina soilik abenduaren 23tik 26 bitartean eta abenduaren 30etik urtarrilaren 2ra bitartean —eta ez abenduaren 23tik urtarrilaren 6ra bitartean—.

Halaber, abenduaren 24an, 25ean, 31n eta urtarrilaren 1ean gehienez hamar lagun bildu ahal izango dira, Madrilekin hitzartu bezala: «Iradokitzen da, batetik, hamar pertsona horiek bi bizikidetza unitatekoak izatea eta, bestetik, berdinak izatea ospakizun desberdinetan».

Abenduaren 24an zein 31n, etxeratzeko agindua 01:30era luzatuko dute, eta gainerako egunetan 22:00etan izaten jarraituko du.

Horrez gain, «pertsonen pilaketak eragiten dituzten ekitaldiak debekatu egingo dira»: hala nola, Gabon gaueko eta errege bezperako kantu taldeak, kaleko jaiak, santomasak, abenduaren 31ko herri lasterketak, kabalgatak eta gainerako ekitaldiak.  

Seiko taldeak

Eguberriez aparte, sei pertsonetako taldetan kirol federatuko entrenamenduak egin ahal izango dira. Eta %30eko okupazioa duten aldagelak erabili ahal izango dira, baita dutxak ere, «beti ere banaka». Kirol arloko gainerako murrizketek indarrean jarraituko dute.

Bada aldaketarik, baina: maskararen erabilera intentsitate handiko ariketetan ez derrigortzearen alde egin du LABIk, OME Osasunaren Mundu Erakundearen aholkuari kasu eginda. Toki itxietan eta jende asko ibiltzen den hiri eremuetan egiten diren kiroletan, ordea, beti erabili beharko da.

Eguberrietako oporren ondoren, urtarrilaren 11n, murrizketak malgutzeko aukera aztertuko du LABiren aholku batzordeak, «beti ere pandemiaren bilakaeraren arabera».

Gabon garaian, adinekoentzako egoitzetan bisitak egiteko araudia ere malgutuko dutela adierazi du Urkulluk, baina ez du gaiaren inguruko xehetasunik eman. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.