Europako Batasuna

Bruselak eta Londresek igandera arte negoziatzen jarraituko dute

Urrats handirik ez zen izan Von der Leyenen eta Johnsonen arteko afarian.

Johnson eta Von der leyen, asteazken iluntzean, Bruselan eginiko afariaren aurretik. OLIVIER HOSLET (EFE)
Iker Aranburu.
2020ko abenduaren 10a
09:58
Entzun

Akordiorik gabeko brexit baterako aukera handitu egin da nabarmen asteazken gaueko bileraren ondoren. Europako Batzordeko eta Erresuma Batuko ordezkariek onartu zuten desadostasun handiak dituztela, eta bilerak ez zuen askorik balio izan tarte hori ezabatzeko.

Von der Leyenek eta Johnsonek erabaki zuten azken aukera bat ematea negoziazioei. Igandera arteko epea eman zioten beren buruari "erabaki irmo bat" hartzeko. Akordiorik bada, bi aste eta erdi izango dituzte parlamentuek adostutakoa berresteko; ez bada akordiorik, tarte hori izango dute aduanak egoera berrira egokitzen bukatzeko. Izan ere, merkataritza  librerako akordiorik ez bada, Europako Batasunetik Erresuma Batura eta alderantziz doazen produktuek muga zergak ordaindu beharko dituzte, eta mugetan kontrolatu beharko dituzte, bi aldeetako arauak betetzen dituztela egiaztatzeko. Hori egin behar izateak geldotu egingo du bien arteko merkataritza, eta kalte ekonomiko handia eragin dezake, batez ere Erresuma Batuan, produktu asko inportatzen dituelako EBko herrialdeetatik.

Negoziazio taldeek berriro ekin diete negoziazioei, Bruselan. HIru dira eztabaidagai nagusiak. Batetik, zer sarbide izango duten EBko arrantzaleek Ingalaterrako eta Eskoziako ur aberatsetan. Bigarrenik, nola egiaztatuko duten elkarri lehia bidegabea ez diotela egingo, lan, ingurumen eta estatu laguntzei buruzko araudien bitartez. Azkenik, nola konponduko dituzten desadostasunak, halakorik sortzen bada.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.