Koronabirusaren krisia

Loiuko aireportuak ohiko bidaiari kopuruaren laurdena izan du urrian

Hego Euskal Herriko beste aireportuek antzeko bidaiari datuak dituzte; Forondan, aldiz, iaz baino zama gehiago mugitu dute.

Frankfurtetik Loiura iritsitako bidaiari batzuk, aireportuko korridoreetan. LUIS TEJIDO / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2020ko abenduaren 10a
16:23
Entzun

Hego Euskal Herriko aireportuek burua altxatu ezinda jarraitzen dute. Pandemiak eragin nabarmena izan du bidaiari kopuruan, eta udazkenean egoerak okerrera jarraitzen du. Urriko datuak argitara eman dituzte, eta Loiuko aireportuko bidaiari kopuruak %75,5 egin du behera iazko hilabete berarekin alderatuta. 134.508 pertsonak erabili dute urrian aireportua, iazkoen laurdenek baino gutxiagok. Besteetan ere beherakada nabarmena izan da: %78 bidaiari gutxiago Donostian (6.723), %76 Forondan (3.782 bidaiari), eta %72 Noainen (6.581).

Urria txarra izan da, hilabeteko datuak urteko lehen hamar hilabeteetan pilaturikoak baino okerragoak baitira. Denbora tarte hori kontuan hartu eta iazkoekin alderatuz gero, Bilboko aireportuak izan duen bidaiari beherakada %69koa izan da. Donostian, berriz, %72koa izan da jaitsiera, %72.5ekoa Forondan, eta %63,5ekoa Noainen. Gogoratzekoa da udaberrian, itxialdi garaian, ia ez zela hegaldirik egon bi hilabetez.

Bidaiari kopuruan beherakada nabarmena da; zamen mugimenduan, aldiz, ez. Horretan Foronda da erreferentziazko aireportua, Euskal Herrira iristen diren zama hegazkin gehienak han lurreratzen baitira. Bada, urrian iaz baino zama tona gehiago mugitu dira Forondan: %2.7 gehitu dira, hain zuzen. Urte osoko tona datuei erreparatuta, berriz, %3.8 bakarrik egin du behera Forondak. Alderatzen jarrita, Gasteizko aireportuak 51.328.834 kilo zama mugitu ditu aurten; Loiuk, aldiz, Euskal Herrian zama gehien mugitzen duten aireportuetan bigarrenak, 328.486 kilo. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.