Euskal produktuak

Mahala produktuak: berezko zaporea

Jogurtak, gaztak nahiz izozkiak eskaintzen dituzte, baita mendian hazitako txerrien txerrikiak ere. Mahalak 25 urte beteko ditu 2021ean.

Produktuak saltokietara eramateaz ere arduratzen dira. Irudian, horretarako hainbat furgoneta. MAHALA
2020ko abenduaren 23a
09:05
Entzun

Mende laurden bat, 25 urte beteko ditu Mahalak datorren urtean. 1996an ekin zioten Mahala baserrian bertan hezitako behien esnea erabilita esnekiak egiteari, eta gelditu gabe aritu dira ordutik. Urtez urte, gainera, eskaintza zabalduz joan dira, eta hasiera hartan gazta soilik eskaintzen zuten arren, geroago jogurtak, izozkiak eta bestelako postreak eskaintzen hasi ziren. 2003an, urrats bat gehiago egitea erabaki zuten, eta instalazioak haragiak prestatu ahal izateko egokitu zituzten; horrela, gaur egun, txerriki fresko eta onduak eta hestebeteak ere egiten dituzte. Produktu guztiak ahalik eta modurik naturalenean eginak daude, eta prozesu osoaz arduratzen dira, hau da, Mahala baserrian bertan hezitako abereak elikatzeaz eta zaintzeaz arduratzeaz gain, produktuak saltokietara eramaten dituzte.

Zaila izan ohi da baserriko bizitzari eustea, eta are zailagoa baserritik bizitzea. Orain dela 35 urte ere ez zen erraza halako erabaki bat hartzea, baina Jokin Arrospide Mahalako arduradun nagusiak oso argi zuen: Mahala baserrian hezitakoa da, eta baserritik bizi nahi zuen. 1988. urte inguruaz geroztik dihardu esne behia lantzen. Garai hartan, Europako hainbat herrialdetan, Holandan esaterako, hasiak ziren esne behia sistema berriekin kudeatzen, eta Euskal Herrian ere eredu horiek ezartzen hasi ziren, besteak beste, zuzeneko esne salmentan alde batera utzi zuten. Arrospide ez zetorren bat industriek esnea kaleratzeko zuten moduarekin, eta erabaki zuen lehengaia haren kabuz transformatzea eta komertzializatzea. Azaldu du arazo asko izan zituela hasieran, eta inbertsio oso handiak egin behar izan zituela. Gainera, esan du ia laguntza ekonomikorik gabe egin behar izan zuela dena, garai hartan, instituzio eta erakundeek ez zituztelako halako proiektuak gaur egun bezala babesten eta laguntzen.

Produktu naturalen bermea

“Baina 25 urte geroago, denborak arrazoia eman dit”. Instituzioen jarrera aldatu egin dela adierazi du, eta gizarteak ere halako produktuak eskatu egiten dituela uste du. “Janaria guk geuk transformatzen dugunok beste berme bat eskaintzen dugu, lanpostuak sortzen ditugu, eta, besteak beste, ekonomia zirkularra sortzen da inguruan. Baserriaren iraunkortasuna ere bermatuagoa dago horrela”.

Prozesu oso-osoaz arduratzen diren aldetik, Arrospidek argi dauka hori produktuen kalitatea zaintzeko berme bat dela, baina, aldi berean, arazoak ere sortu ohi dituela azaldu du: “Jendea industriaren zaporera ohituta dago, berezko zaporea galdu egin da, eta industriarena indartu; aromak, egonkortzaileak eta halakoak erabiltzen dituzte. Guk, aldiz, ez dugu ez gehigarririk, ez egonkortzailerik, ez koloragarririk erabiltzen”.

Baserriaren etorkizunaz kezkatuta

Mahalako arduradunak oso gustuko du bere lana, eta etorkizunean ere horretan jarraitzeko asmoa dauka. Halere, uste du sektorea “depresio batean sartuta” dagoela. Izan ere, iruditzen zaio baserrian bizi den jendea egon badagoen arren, oso gutxik jarraitzen dutela baserriko lanak egiten, eta ez daukatela zerikusirik baserriko jarduerekin. Nabarmendu du askok uste baino zailagoa dela baserriko lanetan aritzea, eta ezinbestekoa dela lana gustatzea. “Baserrian bizi diren askok ez daukate baserria kudeatzeko gaitasunik. Barrera handi bat sortu da, oso kaltegarria dena”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.