Lan gatazka

Kelviongo langileek «txantxa makabrotzat» jo dute zuzendaritzaren eskaintza

Enpresa erosteko aukera eman diete lan erregulazioa negoziatzeko mahaian, eta baina sei eguneko epea zuten bakarrik erantzuteko,

Kelvioneko langileak zaintza txanda egiten lantegiaren aurrean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2020ko abenduaren 11
13:06
Entzun

Kelvioneko Thermal Solutionsek Igorren (Bizkaia) duen plantako langileek enpresako zuzendaritzaren «joko zikina» eta negoziazio «borondaterik eza» salatu dute. Egun enpresaren itxiera eragingo lukeen lan erregulazioa eragozteko negoziazio epean murgilduta daude, eta jasotako azken eskaintza «txantxa makabroa» al den galdetu dute. Enpresak Igorreko eta Santanderreko (Espainia) plantak erosteko aukera eman zien, lehenbizi sindikatuei eta gero langileei, euro baten truke, baina sei eguneko epea eman zien bakarrik erantzuteko. Langileek eskaintza aztertzeko denbora gehiago behar zutela erantzun zuten, baina enpresak ez zuen onartu eta atzoko gauerdian amaitu zen epea.

«Enpresen salerosketak dabiltzan profesionalek hilabeteak behar izaten dituzte horrelako ariketa bat erabakitzeko, eta guri sei egun eman dizkigute, eta horietatik hiru jai egunak ziren», azaldu du Kelvioneko langile batzordeak lantegiaren aurrean eginiko agerraldian. Langileek ordubeteko lanuzte orokor batera deitu dute Igorren beraien egoera salatzeko, eta protestaldiak herrian izandako «arrakasta» eskertu dute publikoki. Baita egunerokoan herrian jasotzen ari diren babesa ere.

Igorren diharduten Kelvionen 73 langileak «kezkatuta» daude; hilaren 18an bukatuko da negoziazio epea, eta ez dago berritasunik: «Erosteko eskaintza tranparen ondoren ez dago beste ezer mahai gainean». Jaurlaritzako Industria sailarekin birritan bildu dira, eta tratu ona bai, baina konpromisorik ez dutela jaso kritikatu dute. «Inplikazio handiagoa» eskatu diote deslokalizaziotzat jotzen dutena eragozteko. Izan ere, batzordeak nabarmendu du enpresako zuzendaritzak Igorren egiteko moduko hiru enkargu bideratu dituela Polonian duen planta batera, milioi bat eurokoa bakoitza. Igorren udaberrira arteko lan karga dute, baina langileak greba mugagabean daude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.